Itxi

albisteak

Publierreportajea

Berdeago, 2020tik 2050era

2020. urtean Berdeagok ziklo bat itxiko du eta beste bat hasiko du; izan ere, Berdeago Jasangarritasunaren Europako Elkarte gisa eratu da.

  • Berdeago azoka.

    Berdeago azokaren artxiboko irudia.

1997an, Kiotoko Protokoloarekin, efektu kutsakorrak gutxitzeko helburu zehatzak ezarri ziren. Helburuak betetzen jarraitzeko asmoz, 2007ko Nazio Batuen Klima Gailurrarekin 2012-2020 aldiari hasiera eman zitzaion. Horregatik, 20 bikoitza data esanguratsua da, eta hartutako konpromisoek protagonismoa izango dute Berdeago 2020 Jasangarritasun Azokaren zortzigarren edizioan.

2020. urtean Berdeagok ziklo bat itxiko du eta beste bat hasiko du; izan ere, Berdeago Jasangarritasunaren Europako Elkarte gisa eratu da. Elkarteak urtero hainbat ekintza-lerro izango ditu, besteak beste: Turinea, Turismo Jasangarriaren web ataria; eta Ingurubide, Hiri Iraunkorrerako Baliabide Zentroa.

Bestalde, azken hilabeteetan ohikoak dira horrelako albisteak: “Hurrengo bost urteetan Eusko Jaurlaritzak 20 milio euro inbertituko ditu klima-aldaketara egokitzeko 40 proiektutan”, edo “Euskadiko Aztarna Ekologikoa 4,32 hektarea globaletakoa da biztanleko, 2001ean baino %7 txikiagoa”. Ildo beretik, Euskadik bere garaian Ingurumen Esparru Programa 2020 sortu zuen, 2050erako Klima-Aldaketaren estrategiarekin eguneratu dena. Euskadiren inplikazioa zuzena da eta Berdeagorena ere bai.

Urtero bezala, Landako Gunean bi zita izango ditugu. Batetik, urtarrilaren 30 eta 31n, eta otsailaren 1 eta 2an Berdeago Energy ospatuko da, energia eraginkortasunera eta ingurumen berrikuntzara bideratutako azoka. Bertan, sistema, ekimen eta azken berrikuntzak ezagutzeko aukera izango dugu, eta Garapen Iraunkorrerako Helburuei (GIH) garrantzia berezia emango zaie. Bestetik, otsailaren 8 eta 9an, toki berean, Berdeago Nature ospatuko da, Kontsumo Arduratsuaren Azoka. Bertan, ingurumen iraunkortasuneko sektoreekin, hau da, elikadura ekologikoa eta 0 Km elikagaiak, ongizatea, ekonomia zirkularra, bertako garapena, turismoa eta moda jasangarriarekin lotura daukaten profesionalak bilduko dira. Hiru asteburuak dohainik izango dira, denok azokaz gozatu eta bertako ekintzekin ikasteko aukera izan dezagun.

Euskadiren Aztarna Ekologikoa 2019 txostenaren arabera, Euskadiko populazioaren kontsumoa biokapazitatea baino handiagoa da, eta energiaren kontsumoa Erkidegoko Aztarna Ekologikoaren %50ekoa da. Horregatik, ezinbestekoa da bizitzeko beste modu batzuen bila lanean jarraitzea, eredu berdeago baten bila.