Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Europako kutxa komun baten bila

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

EBko finantza ministroek 500.000 milioi eurotik gorako laguntzak onartu zituzten, naina koronabonoak kanpoan geratu ziren Alemania eta Holanda auka zeudelako.

Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko elkartasunari buruzko eztabaida gogortzeko bidean da. Koronabonoak (eurobonoak) krisiaren irtenbidea izan daitezke. Jokoan dirua ez ezik ikurrak  ere badaude, eta Europar Batasunaren etorkizuna ere bai. Eztabaidak oraindik zabalik dirau. Ostegun honetan, apirilaren 23an, Europar Batasuneko 27 buruzagi bideokonferentziaz bilduko dira berriz ere krisi honi irtenbide bateratu bat bilatzeko asmoz. 

Igande honetan Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak dei bizia egin du koronabonoen bidez zorraren mutualizazioaren burutzeko. “Bigarren Munduko Gerraz geroztik krisirik larrienean gaude”, esan du. Conteeren arabera, “ Europak bizi duen egoeraren mailan egon behar du, eta zorraren mutualizazioa beharrezkoa da egoera berezi horri aurre egiteko”.   

Duela gutxi Macron presidenteak populistak Italian, Espainian eta agian Frantzian boterera iristeko zuten arriskuaz ohartarazi zuen. Presidente frantsesak 400.000 milioi euroz osatutako funts berri bat ere proposatu zuen. EBk mutualizatutako zorra finantzaturikoa izango litzateke koronabonoen bidez. 

EBko finantza ministroek 500.000 milioi eurotik gorako laguntzak onartu zituzten, pandemiak gehien jipoitutako herrialdeak laguntzeko. Baina koronabonoak kanpoan geratu ziren Alemania eta Holanda tresna horren auka zeudelako. Oraingoan ere ez dirudi herrialde horiek euren jarrera aldatu dutenik. Horien kasuan euren etxeko populismoak ez indartzeko euren herrialdeen interesak jartzen dituzte aurretik. Beraz, bai iparraldekoek eta baita hegoaldekoak populismoenganako beldurra erabiltzen dute bakoitzak bereari eusteko.