Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Zentzuz jokatu

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

AEBko Informazio Askatasunerako Legearen arabera, itxuraz demokrazia edo bizimodu era bat babesteko guztia zilegi da, helburuak bidezko bihurtzen ditu tresnak.

Aste honetan ezagutu ditugu Richard Nixon presidente estatubatuarrak eta Henry Kissinger segurtasun aholkulariak, Salvador Allende sozialistak Txileko hauteskundeetan izandako garaipenaz zeukaten iritzia. Orain badakigu handik aurrera zer gertatu zen, baina harridura eragiten du nola hitz egiten duten beste herrialde bateko egoeraz eta han egin zitekeenaz. Zilegi iruditzen zaie edozein bide erabiltzea gobernu hura botatzeko, eta bi dira hemen ere arrazoiak edo aitzakiak: Ameriketako Estatu Batuen interesak babestea eta komunismoari bidea ixtea.

Aitzakia bera erabili zuten joan zen mendeko 60ko eta 70ko hamarkadetan Hego Amerikan izandako kolpe guztiak bultzatzeko edo zuzenean antolatzeko. Urte horietan, Ameriketako Eskola deituriko akademia militarra tresna nagusia zen militar amerikarrak trebatzeko, Estatu Batuen aholkuak agindu bihur zitzaten batez ere, eta "Gerra Hotza" edozein portaera zuritzeko bidea. Sobietarrekiko gatazka amaitu ondoren, hala ere, ez ziren ez moduak, ezta erabilitako tresnak ere apenas aldatu, Ameriketako Eskolako ikasgaia izan baitira ipar eta ardatz.

Gaur egun, orduan gertatutakoa jakiteko Segurtasun Nazionalaren Artxibora jo behar dute herritarrek, erakunde horrek biltzen baitu gobernuak argitaratutako ezkutuko  informazio guztia. Informazio Askatasunerako Legean oinarrituta estatubatuarrek erakunde federaletan bildutakoa jakiteko eskaria egin lezakete eta gobernua erantzutera behartuta dago. Hala ere, salbuespen batzuk badira, gehien bat segurtasunari eta ekonomiari lotutakoak, baina lehenago edo beranduago gertatutakoa eta gobernu federalak egindakoa agerian geratuko da.

Esan ohi da Estatu Batuak onenaren eta txarrenaren adierazle direla, portaera eta erabaki bikainenak eta jokaera makurrenak aurki ditzakegula bertan. Informazio Askatasunerako Legeak dio, demokrazian oinarrituta herritarrei gobernu federalaren informazioa ezin zaiela ezkutatu. Giza eskubideetan oinarrituta, eskubide horien urraketa bortitzenen eremua irekiko digun leihotik begira genezake, eta horrek kontraesan guztiak astintzen dizkigu. Itxuraz demokrazia edo bizimodu era bat babesteko guztia zilegi da, helburuak bidezko bihurtzen ditu tresnak.

Beste herrialde askotan eragozpen handiagoak izaten dituzte garai batean gertatutakoa argitaratu eta zabaltzeko, baina Estatu Batuetan, modu batera edo bestera, egin duten gehiena erakusten digute, lortutakoaren balioa eta garrantzia azpimarratu nahi balute legez, bertako jendeari erakusteko bizitza honetan ez dela ezer musutruk eta dutena babesteko zikindu beharra dagoela. Agian era berean zer diren, duten indarra ere azaltzen digute beste guztioi.