Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Galtzaileak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguelen hausnarketa, Trumpismoari eta AEBko "amets amerikarra"ri buruz.

Estatu Batuetako hauteskundeen emaitzen ondoren eta Kapitolioko erasoa gertatu eta gero, harridura nagusitu zen, batez ere handik kanpo. Ez horrenbeste gertatutakoagatik, hainbeste jendek horrelako pentsakera izan eta horrelako hautagaiari botoa emateagatik baizik. 72 milioi pertsona gehiegi dira guztiak oker egoteko, nahastu eta hain nabarmen huts egiteko.

Orain dela 4 urte antzerako iritziak nagusitu ziren emaitzak ezagutu genituenean, ezinezkoa zirudielako irabazlea izan zena izatea, baten batek txotxongilo farregarria zirudien hari konfiantza ematea. Azken lau urte hauek eten gabeko soziologia azterketa bihurtu dira, Estatu Batuetako gizarteko barne korronteak azaleratzeko, ulertezina dirudienari arrazoiren bat bilatzeko.

Asko eta ezberdinak izan dira azalpenak. Horietako batek dio galtzaileen amorruak bihurtu zuela Trump irabazle. Ez utela aldeko botoa eman,batez ere aurkako jarrera erakutsi nahi izan zutela. Behin eta berriz oker zebiltzala esaten zietenen kontrakoa, merezi zutelako bazterrean geratu zirela leporatzen dietenen aurkakoa.

Estatu Batuetan, azken hamarkadetan lelo beretsua izan dute presidente eta agintari errepublikanoek eta demokratek, gizarte honek lan egin eta ahalegintzeko prest dagoenari aukera emango dio. Helburuak finkatu eta lortu arteko borroka egiten duenak saria du beti. Jatorria, sexua eta arraza kontutan hartu gabe, balio baduzu iritsiko zara. Mezu hauen ifrentzua benetako ukabilkada da iritsi ez direnentzat, bazterrean geratu direnentzat, amets amerikarra erdietsi ez dutenentzat. Galtzaileei eta irabazleei adierazten die dauden lekuan daudela egin beharrekoa egin dutelako, edo egin behar zutena egiteko gai izan ez direlako. 

Trumpek ez zuen sekula horrelakorik adierazi. Galtzaileei behin eta berriz erakutsi zien zein zen euren egoeraren erantzule, zeintzuk diren bide bazterrean utzi dituztenak, eta haien aurka eman zuten botoa iragana usteldu eta etorkizuneko aukerak desegin zaizkiela uste dutenek.

Merezimenduaren mezuak, gogoa suspertu eta kemena indartu lezake.eginahalak saria izango duela eta eskuratzen duenak dagokiolako dela sinistu araziko die irabazle guztiei. Baina erdi egia izanik, gezur borobila bihur liteke gehienetan. Nondik abiatzen gara lehia horretan? Zenbat balio du gurasoak beratsak izan, edo Burkina Fason jaio beharrean Parisen sortu izanak? Ikasketek eta hezkuntza sistemak noraino berdintzen gaituzte? Zer gertatzen da zuzena zirudien aukera desbideratzen bada? Gure gaixotasunen erantzule al gara? Patuak zenbatetan ematen digu bizkarra egin beharreko guztia egin dugunean?...