Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Jagoleak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gu bihurtu gara beste batzuentzat detektibe, gure eskubideen urratzaile, gure bekatuen salatzaile eta aldi berean jagole.

Frantzian aste honetan Ikea altzari enpresako zenbait zuzendariren aurkako epaiketa hasi da. Fiskaltzak langileei buruzko ikerketa eta zaintza lanak agindu izana leporatu die. Polizia eta detektibe enpresak erabili zituzten, langileen eta langile izateko hautagaien joan etorrien jarraipena egiteko, aurrekari penalak ote zituzten jakiteko edo baja garaian egindakoa argitzeko. Sindikatuek gogor gaitzetsi dute enpresaren jokaera eta giza eskubideen aldeko erakundeek adierazi dute Ikeak egindakoa ohikoa bihurtzen ari den jokaera dela eta adi egon beharra dagoela, oinarrizko eskubideak arriskuan direlako.

Enpresa arduradunek gero eta baliabide gehiago dute, eta egunetik egunera hobeak, euren aginduetara dauden pertsonak zeintzuk diren, zer pentsatzen duten, zer egin duten edo zer egiteko arriskua egon liteken jakiteko. Teknologiak guztion esku jarri duen tresneria bikaina edo arriskutsua izan liteke, beti ere erabileraren arabera. Telefonoek, ordenagailuek edo tabletek erakutsi digute gure nondik norakoak salatu ditzaketela, gure zaletasunak agerian utzi, gure izaera ezkutuena azaleratu. Eta guzti hori lantegi eta erakundeetako arduradunek badakite, eta normalean ez dute inongo eragozpenik era legalean edo arauen kontra erabiltzeko.

Baina egoera batzuetan gure intimitatea urratu ezin daiteken eremua dela aldarrikatzen badugu ere, beste batzuetan ez dugu inongo eragozpenik gertatu, sentitu edo ikusi dugun guztia argitaratzeko. Gure buruaren berriemaile bihurtzen gara, lau haizetara astintzen ditugu gure pozak eta miseriak, ez dugu eragozpenik maitasun irudiak zabaltzeko, mozkor abenturak erakusteko benetako balentriak bailiran. Orain dela gutxi arte bizitza pribatua zena, gertukoek bakarrik ezagutzen zutena eta ezagutu behar zutena,orain sare sozialen plazara helarazten dugu.  

Esan ohi da gizaki garela besteekiko garenaren heinean, besteen oniritzia edo gaitzespena behar dugula non gauden edo zer garen finkatu eta zehazteko. Baina gaur egun, minuturo, edozein egoeratan egin, ikusi edo pentsatzen duguna berehala adierazteko beharra omen dugu. Eta besteek egindakoa, adierazitakoa edo gertatu zaiena, pasatzen ari den une berean jakitea ezinbestekoa omen dugu. Eta horrela bakoitza bihurtu gara gure buruaren zaindari eta jagole.

Ezagunak, bereziak, apartak ez garenok, ez dugu jarraipen berezirik merezi, nahikoa da gure orrialdean sartzea, gure hartu emanez utzi dugun arrastoa segitzea. Gu bihurtu gara beste batzuentzat detektibe, gure eskubideen urratzaile, gure bekatuen salatzaile. Eta hori poliziak, zerbitzu sekretuek edo estatuaren ezkutuko funtzionarioek dituzten baliabide ezin hobeak erabili gabe.