Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

AEBko azpiegituretarako plan erraldoia

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Bidenek Kongresuaren behin betiko abala jaso du 1,2 milioi dolarreko plan bat martxan jartzeko eta, horrela, errepideak, trenak eta zubiak modernizatzeko eta abiadura handiko interneten atzerapena berreskuratzeko.

Estatu Batuetan azpiegiturak berritzeko plan erraldoi bat jarriko dute martxan. Lorpen horrek, gainera, pandemiaren ondoren ekonomiari bultzada bat ematea ekarriko du. Bidenek asteburu honetan esan duenez, arrakasta handia izan da: "Ez dut uste gehiegizkoa denik lorpen ikaragarria izan dela badiot". Plan hau 1,2 bilioi dolarrekoa da, bilioi bat euro baino gehiago. Errepideak, zubiak eta trenbideak berritzeko, baita ere Estatu Batuetan abiadura handiko internetek jasaten duen atzerapena gainditzeko izango da. Bidenek demokraten gehiengo nagusiaren eta errepublikano talde baten babesarekin lortu du Kongresuaren onarpena. Horretarako Alderdi Demokrataren barruan ezkertiarren eta zentristen arteko enfrentamendua gainditzea lortu du.

Bidenek garaipen hau behar zuen, Virginiako hauteskundeetan demokratak galdu eta gero, presidentearen ospeak kolpe gogorra jasan duelako. Izan ere, urtebete barru izango diren Kongresurako hauteskundeetan demokratek gehiengo urria galtzeko arriskuan daude.

Hala ere, Bidenek oraindik kanpainako beste agindu bat betetzeko dauka. Inbertsio publikoetarako plan nagusiaren bigarren zatia, hau da, plan sozioekologiko baterako 1,7 bilioi dolarreko (bilioi bat euro baino gehiago) inbertsioak aurreikusten dituena. Bere helburua: haur guztientzako ama-eskolak eraikitzea, gaixotasun asegurua hobetzea eta berotegi-efektuko emisioak murrizteko inbertsioak. Bidenek plan hori Kongresuak bozkatzea nahi du. Hori bai, zirkuluaren koadratura egin beharko du, agindu baitu horrekin ez duela inflazioa handituko, ezta defizit publikoa ere, eta zergak aberatsentzat bakarrik igoaraziko dituela.

Plan hau arazoaren 15eko astean Kongresuan eztabaidatzea nahi du Bidenek, 79 urte beteko dituenean. Baina presidenteak ez du data zehatzik jarri Kongresuan plan hori onartzeko. Izan ere, Bidenek bere alderdian ere etsaiak ditu. Joe Manchin, Virginiako demokrata zentrista, presidentearen planari oztopoak jartzen ari zaionez, plan hau noiz onartuko den jakitea zaila da.

Dena den,  presidentea bera izan da azpiegituren plana behin betiko onartu ahal izateko negoziazioetan pertsonalki inplikatu dena. Horri esker, alderdiaren alde aurrerakoiaren betoa desblokeatu ahal izan da, hasieran bi planak aldi berean bozkatzea eskatzen baitzuen. Azkenik, alderdi ezkertiarreko sei ordezkarik bakarrik bozkatu dute azpiegituren planaren aurka.