Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Melenchon hasi da ezkerra mugitzen Parlamenturako hauteskundeei begira

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Macronek irabazi ondoren, Mélenchon kexatu egin da, frantsesek ez dutelako ezkerreko hautagaiari botoa emateko aukerarik izan. Orain ezkerreko hautagaiak gogoratu duenez, aukera hori hurrengo Parlamenturako hauteskundeetan daukate, berak dioenez, "hirugarren itzulian".

Macronen garaipenaren ondoren, Jean Luc Mélenchon buruzagiak dei egin dio ezkerrari mobilizatu dadin ekaineko hauteskundeei begira. Bere alderdia orain Batasun Popularra deitzen da, Frantzia Intsumisoa bertan behera utzita. Orain parlamentuan gehiengoa lortzeko helburua dauka, lehen ministro izateko.

Melenchonek Marine Le Penekin ia-ia berdinketa lortu zuen Presidentetzarako hauteskunde hauen lehen itzulian. Izan ere, dezima gutxigatik bigarren itzulitik kanpo geratu zen. Bigarren itzuli horretan Macronek irabazi ondoren, Mélenchon kexatu egin da, frantsesek ez dutelako ezkerreko hautagaiari botoa emateko aukerarik izan. Orain ezkerreko hautagaiak gogoratu duenez, aukera hori hurrengo parlamenturako hauteskundeetan daukate, berak dioenez, "hirugarren itzulian".

Horretarako, hasi da dagoeneko presidente hautatu berriari leporatzen, politika soziala eta ekologikoa kanpainatik kanpo izan dela. Klase behartsuen defentsore moduan bere burua aurkeztuta, Mélenchonek bere gain hartu du arrazoi horien bandera, eta hauteskunde kanpaina berria hasitzat eman du  hauteskunde gauean.

Mélenchonek Asanblea Nazionalean ezkerreko gehiengoa eskuratzen  baldin badu, Alderdi Sozialistaren botoak bilduz, lehen ministro izatea lortu dezake.  

Frantziako sisteman, lehen ministroa, Errepublikako presidentearen alderdikoa ez bada, biek elkarrekin kohabitazioan bizi behar dute. Lehen kohabitazioa 1986 eta 1988 bitartean gertatzen zen, François Miterrand sozialista, Errepublikako presidente, eta Jacques Chirak kontserbadorea, lehen ministro zirelarik. Orduan bien artean nahiko tirabira izan ziren.

Bigarren kohabitazioa 1993 eta 1995 bitartean izan zen. Orduan Mitterrand presidentea eta Édouard Balladour kontserbadorearen artean kortesia harreman nabaria izan zuten.

Hirugarren kohabitazioa Chirac kontserbadorea, presidente moduan, eta Lionel Jospin, lehen ministro sozialistaren artean gertatu zen 1997tik 2002ra.

Ekainaren 12 eta 19ko Parlamenturako hauteskunde hauek gakoa ezkerraren batasunean izango da. Horren ondorioz, ezkerrak Parlamentuan gehiengoa lortzen baldin badu, Macronen politika baldintzatu ahal izango du. Beraz, Macron hori saihesten ahaleginduko  da, Errepublika Martxan, bere alderdiak Asanblea Nazionalean gehiengoa lortu dezan, datozen bost urteetan bere politika inongo baldintzarik  gabe aurrera eraman ahal izateko.