Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Croisette pasealekuan lubakietan bezala

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Handik hona, hemendik haruntz, eskuin ezker dabiltza egun, zinemaldi guztietan barna gure zinema sorgin eta aztiak: Taxio Ardanaz "Venceremos"ekin eta Estibaliz Urresola "Cuerdas"ekin.

Kamera lepoan hartu eta ibili zinema- multibertsoetan izan zitekeen txapela buruan ibili munduan erran zahar, atsotitz edo esamolde gurea gaurkotzeko era majoa, irudi mugimendudunaz elikatzen garenok asetzeko modu gourmanta.

Izan ere, handik hona, hemendik haruntz, eskuin ezker dabiltza egun, zinemaldi guztietan barna gure zinema sorgin eta aztiak.

Taxio Ardanaz nafarrak Alcances izeneko zine bilkura Cadizekoan, Madrilgo Cinetecan eta bertako Mataderon ere aurkeztu berri du Pabo Marterekin batera burutu duen Venceremos dokumentala. Erroman zein Irakeko Kurdistanen, Australian Mexikon nola, ibilia den arte-sortzaile honen kezka, ardura, pasioa zera da, gatazka prozesu historiko batean sortu ohi diren adierazpen plastikoak eta memorian utzitako isla lausotuak lantzea.

Venceremos horretan, inolako apaindura gabeko kamera tresna huts gisa erabiliz, Espainiako Gerrak gure aitona-amonengan, gure gurasoengan, guregan eta gure seme-alabengan utzi zituen eta utziko dituen arrastoak, aztarnak, sendatu gabeko edo txarto sendaturiko zauriak.

Gaizki-ulertzeak, egiak eta gezurrak, asmakeriak baino ez direnak eta benetako gertaerak izan zirenak, oroimenaren erabilera maltzur gaiztotua edo ikuskizun hala moduzkoa, jolas dibertigarri petral nahikoa  bilakatu zen hori guztia azaleratzen digute Taxiok eta Pablok.

Ez da heroiak gurtzeko balioko duen lana.  Ez da Hirugarren Errepublikaren aldarrikapen bulartsua. Ez du inor kontent eta lubakietara salto egiteko prest utziko. Ez ditu manera dotoreak erabiltzen. Zakarra da kamera, patartsu samarra muntaia. Sinetsi ala ez, izaera gazi harritsu horrek bihurtzen du Venceremos ezinbesteko, ez baitio inori ematen galdu genuenaz damutzeko betarik baizik eta gure buruari eta gu baino lehenago bizi, borrokatu eta hil egin zirenei galdera franko egitekoa, iragana aurrez aurre begiratzeko parada beldurgarri eta gogaikarria. Venceremos?  Batek daki…

Taxio Nafarroa-Cadiz-Madrilen arteko gurutzagune zelulidezkoetan. Estibaliz Urresola Solagurenek Canneserako bidea hartua, hantxe aurkeztuko baitu datorren asteartean bere azken film laburra, Cuerdas.

Interesgarria oso, aldean eta konplize izan duen lantalde teknikoa. Argazkiaren ardura hartu du Lara Vilanova Sentisek eta muntaketa Maialen Sarasua Olidenen esku eta begi trebeetan izan da. Larak eskarmentu handia du iragarkien munduan eta musika bideoetan.  Pelikuletako bukaerako tituluak irakurri ohi dituenak, Maialenen berri oparoa izango du laster-lasterrean.

Cannesetik bueltan, Estibalizek ez du bakaziorik hartuko, kamera baizik. Eskuan. Lepoan. Bere lehenbiziko film luzeari heldu behar dio berriro. 20.000 especies de abejas du izenburu, Berlingo Berlinale Co-Production Market 2022 izeneko eragilearen babesa izango du eta Akelarre filmagatik Goya saria eskuratu zuen Nerea Torrijos izango du kide lantaldean

Bai, kamera eskuan hartuta, ibili zinema-multibertsoetan.