Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Cannes, non errailak ere urrezkoak baitira

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Bukatu berri da Canneseko zinema jaialdia baina luze eta oblongoa da bere itzala eta amaigabea bere durundia.

Bukatu berri da Canneseko zinema jaialdia baina luze eta oblongoa da bere itzala eta amaigabea bere durundia. Izarrak izan ziren. Eta zinema egileak bertaratu. Ezagunak eta ezezagunak. Grand Auditorium Lumière jauregira doazen  alfonbra gorriko eskailera horiek zapaltzeko eskubidea, baimena eta ohorea izan zutenak eta euren pelikulak pen drive gastatu  batean eramaten zituztenak, inork ikusiko ote, inork erosiko bide, inork txalotuko akaso, duda mudatan beti.

Itxi ziren tratuak. Txikiak eta handiak. Netflix plataformak 50 milioi dolar ordaindu izan zuen Pain Hustlers izena duen proiektu bategatik. Thriller bat omen; farmazia-industrian eta laborategi ezkutuetan, non ote-otezko aferak gertatu ohi diren eremuetan murgilduko den istorioa.

Kementsu eta adore osoan agertu ziren pantaila ugaritan bi izen: Wild Bunch eta Films Boutique.  Konpainia biek bandera bera altxatzen dute harro: zinema on, libre, independentearena. Agian merkataritzagunetako aretoak mukuru beteko ez dituena. Bai ordea munduko zinema jale orok aterpe hartzen dituzten saloiak. Wil Bunchek iazko Palmondoa irabazi zuen Titane sostengatu zuen hasieratik. Berlinen sortutako Film Boutiquek lau zine puska txokatzeko modukoren alde egin du aurten borroka fina La Croisette pasealeku ospetsuaren inguruetan. Hona hemen zerrenda, ez galdu bistatik. Haien berri izango duzuen gure etxeondotik ez hain urrun dauden festibaletan, gure etxe ondoko saloi maitatuetan, gure zineklubetan: Albert Serraren Pacifiction, Karma films banatzaileak gurera ekarriko duen Maryam Touzaniren Le bleu du Caftan,  Ariel Escalante Mezaren Domingo y la niebla Costa Ricako ipuin malapartatua eta Iberia kontinente osoko lurretan parekorik ez duen Fogo-fatuo Portugalekoa.

Bai, maiatzaren azken larunbatean iritsi zen bere akaberara Canesekoa, baina dastatu gabe duzue gutako batzuek dastatu genituen zeluloidezko jaki gozoak. Edo gazi-gozoak. Edo gaziak.

Cannes. Bihoztoi arrimatu ziren zinemaren muturretan, iskinetan, bazterretan, ingurumaritan zain, desiran, desesperoan diren denak. Beraiek dira, izenaz eta ekinaz, Cannes Cinéphiles eta gordeleku duten aretoak bereziak oso, harri eta egur noblezko jauregitxoak, aspaldian herritarrek bereganaturik: Alexandre III, La Licorne, Le Raimu…

Zale/jale horietako batzuek Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas laburra saritu zuten kontent asko. Bitxia bezain ederra garaikurra. Berezia bezain zinema oroipen eta irudiz gainezka zinejale horien elkartea. Saria, Urrezko Erraila zen, da.  Kluba, berriz, Les cheminots cinéphiles…. Burdinbideetako langile zinezaleak!!!

Palmondoa da beti urrezkoa Cannesen. Eta urre kolorekoa Oz-eko aztiaren erresumara garamatzan bidea. Trenak eta trenbideetako beharginak zinemaren beraren hastapenetatik  izan ditugu pantailan…. Beraz, sari hoberik, zinema gehiagoz jantzia, non aurkituko?