Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Charles III.ak Elizabeth II.aren ondare izugarria ere jasoko du

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Erresuma Batuan errege erreginak beren ondasunak argitaratzera behartuta ez badaude ere, jakina da Elizabeth II.ak 2022an zeukan dirutza gutxienez 370 miloi libera esterlina zela, 'The Sunday Times' aldizkariaren arabera.

Elizabeth II.aren heriotzarekin Charles III.ak koroa ez ezik bere amaren ondare izugarria ere jasoko du herentzian. Errege berriak ondasun horiek hartuko ditu oinordetza zerga ordaindu barik, errege erreginen oinordekoen pribilegioa baita.

Erresuma Batuan errege erreginak beren ondasunak argitaratzera behartuta ez badaude ere, jakina da Elizabeth II.ak 2022an zeukan dirutza gutxienez 370 miloi libera esterlina zela (413 miloi euro orainko trukean), iaz baino 5 miloi gehiago, The Sunday Times aldizkariaren arabera.

Londresen dagoen errege egoitza, Buckinghamgo jauregia, eta hiriburutik 30 kilometrotara dagoen Windsorko gaztelua estatuarenak dira. Balmoral udako egoitza eta urte amaierako festak familia errealak ospatzen dituen Sandringham jauregia, ostera, erreginaren ondasunak ziren, eta orain Charlesen eskuetara igaroko dira.

Erreginak burtsako akzioez osotutako pakete bat ere bazuen eta, 1.000 miloi liberadun balioa duen, zigilu errealez osotutako bilduma bat ere bai, The Times egunkariaren 'Aberatsenen Zerrendan' azaltzen denez.

Guzti horri Charlesek berak duen ondasuna erantsi behar zaio. Uste denez, 87 miloi libera. Horrez gain, 30 libera balioa duten koroaren bitxiak daude. Sinbolikoki erreginarenak ziren. Orain automatikoki bere oinordekoarentzako izango dira.

Philip printzea, Elizabeth II.aren senarra, hil zenean, 2021ko apirilean, 30 miloi libera utzi zituen. Horren barne 3.000 artelanez osatutako bilduma, beren familiari eta lagunei utzi ziena.

Errege bihurtzerakoan Charles III.ak Lancasterko dukerria ere hartu du. Erdi aroaz geroztik erregeen ondasuna da. Azken urtean emandako etekina 24 miloi liberara iritsi zen. Irabazi pribatu horiek erreginaren eskuetara joan ziren. Izan ere, Lancasterrek sortutako errentak erregearenak dira, David McClure idazleak Erresuma Batuko erregeen finantzei buruzko liburuan azaltzen duenez.

Horrez gain, Charlesek estatuak Altzor Publikoaren bitartez ematen dion dirua ere hartuko du. Hau da koroaren ondasunek eragindako etekinen % 15, horien artean parke eoliko erraldoiak sortutako etekinei dagozkionak.

Guzti horri dela eta, azken urtean 86,3 miloi libera jaso zituen monarkiak Estatuaren eskutik. Dirutza hori ordezkaritza eta ekintza ofizialak ordaintzeko dira, hain zuzen ere, jauregietako langileen soldatak, egoitzen mantentze lanak, eta baita bidaia ofizialak eta harrerak ere.

David McClurenen arabera, baliteke "erreginak bere testamentuan ondasunen zati bat senitartekoen artean banatzea", baina ondasun horien "zati nagusia" Charles III.aren eskuetara joango da.