Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Nigra sum… baita gaztea eta azkarra ere

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Mina dario "Wakanda Forever" filmaren gidoiari. Mina irudiei. Baina aho guztietan oihu, orro, bera: Wakanda Forever, Betiereko Wakanda!

Estreinatu berri da gurean Wakanda Forever film erraldoia, Black Panther  mugarik gabeko eta sona handikoaren jarraipen elegante eta sutsua. 2018an plazaratutako lehen pelikula hark Estatu Batuetako beltzen urguilua (ber)piztu zuen  sekulako indarrez.

Afrikan giza lapurrek eramandako esklabo haien ondorengo askoren ustez, existitzen ez den (ala bai, nork daki?) Wakanda herriaren Tchala erregeak, Marvel argitaletxearen komiki batean aspaldi zaharrean sortuak, euren arrazakideengan Barak Obamak berak, Martin Luther Kingek berak, Malcolm Xk berak, Jesse Owensek berak, Rosa Parksek berak edo Angela Davisek berak izandako eragina izango zuen Alabamako, Detroiteko, New Yorkeko beltzengan.

Mexikoko Joko Olinpiko haietan eskularru beltzez jantzitako ukabila altxatu zuten kirolari haien parekoa zen Black Panther zeluloidezko superheroia. Beisbol eta futbol amerikarraren zelaietan AEBko ereserkia entzuten denean, euren arrazaren alde belauniko baina harro demonio agertu ohi diren horien iguala.

Burua makurturik ibiltzera ohitu ziren haien seme-alabek erreferentzia eta amets hartu zuten 2018 hartan Wakanda, existitzen ez omen den erresuma (ez al da ba euskaraz esaten izena duen orok izana duenik?).

Historian zehar bitan saiatu izan dira esklabo izandako horiek beren aberri propioa sortzen: Liberian Haitin nola. Saiatu. Zazpi ahaleginetan eutsi, mundu zuria kontra zutela. Borroka eta porrota…

Agian oraingoa dute benetako beta, esperantza guztiak errealitate bihurtuko dituen lurrean, Denboratik at, Espaziotik at bada ere, binetetan zein pantailan erraz asko aurki daitekeen Wakanda erreinuan.

Hala ere, Liberiak eta Haitik izan zituzten arerio bertsuak ditu Wakandak, milurtekoetan zehar planeta nahi zuten erara kudeatu izan duten horiek, hots.

Black Panther hark milioiak eskuratu zituen munduko aretoetan. Baita garrantzi eta esanahi handiko sari pottoloak ere. Beste hamaika filmek egin zuten amore bere aurrean, denen gainean zela onartuz.

Baina Patua sarri da bastart eta zikoitz samarra. Tchala erregea antzezten zuen Chadwick Boseman minbiziak jota hil zen, 44 urte zituela. Pena samin-saminetan geratu zen komunitate beltza, buruzagirik gabeko armada balitz bezala.

Alta, altxatu ziren berriro, eta egun multibertsoko pantaila guztietan ikusgai den Wakanda Forever filma gauzatu zuten; hildako erregeari, zendutako aktoreari omenezko ekoizpen ikaragarria.

Mina dario gidoiari. Mina irudiei. Baina aho guztietan oihu, orro, bera: Wakanda Forever, Betiereko Wakanda! Eta bertan, handinahiko gobernu guztiek desiraturiko Vibranium metal nobleaz egindako lantzaz armaturik, emakumezkoen armada garaiezina. Eta bertan, Angela Bassettek antzeztutako erregina menderaezina. Eta bertan, zientzia guztien jabe den printzesa bat, motorren gainean, gidari abila. Eta bertan, 18 urteko neska zientzialaria, parekorik ez duen  asmatzailea. Ozen ematen du bere dohainen berri: Gaztea naiz, Azkarra naiz. Beltza naiz. Emakumea naiz.

Esaldi horiek gaurkotzen/ahalduntzen dute Kantarik Ederrena liburuaren aldarrikapen hura. Gogoan? Latinez honela dio: Nigra sum sed formosa filiae Jherusalem. Euskaraz, berriz, honela egiten du berba Elizen Arteko Biblia delakoan: Beltzarana naiz, baina ederra; oi Jerusalemgo neskatxok: beduinoen oihal-etxolak bezain beltzaran. Salomonen jauregiko errezelak bezain eder.

Orain bizirik balego, nigra hura, honela mintzatuko zen, ziur, pantailatik: Beltza naiz eta harro; nire aberria defendatuko dut giza otsoen kontra, itsasotik datorren arerioaren kontra, Wakanda Forever.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena