Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Agur, estralurtarrak; denok gire auskalo zerk eginak… eta Orfeoia Goya sarietan.

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Berlinen zein Sevillan, multibertsoko zulo beltzetan nola, euskal jendea builaka, bazterrak nahasten, pantailak okupatuz, estralurtarren esperoan.

Baditugu datak. Baditugu lekuak. Berlinalekoak. Berlin aldean lehia eta gozamen osoan ibiliko diren Estibaliz Urresola Solagurenen eta Amat Vallmajor del Pozoren pelikulak non eta noiz badakigu, dagoeneko.

Badakigu oraintxe arte ez genekien kontu bat ere, Donostiako Orfeoia presente izango da larunbat honetan banatuko diren Goya sarien zeremonian.

Sevillako agertoki gainean? Ez, presente musikaren norgehiagokan. Izan ere, egunotan  gure lurralde historikoetatik  kanpoan diren irratietan behin eta berriro entzuten eta goraipatzen dira zinemarako musika sortzen duten Euskal Herriko hainbat egileren lanak. Esaterako, asteazkenaren gauerdian luze mintzatu ziren Aranzazu Callejak Iratin eginiko soinu eta doinu ikerketaz. Ordu txiki horietan esna geundenok zera deskubritu genuen musikari eskainitako irrati berean, Joseba Beristainen Unicorn Warseko  soinu bandan, haize-tresnez eta elektronikaz beteriko horretan, Donostiako Orfeoia  aditzen da kantari, basoko espirituei ahotsa emanez…

Sevillatik bueltan Berlin aldera joko dugu. Bertan, larunbatean, hilak 18, usadiozko zinemaren mugak onartzen ez dituen Amaten Mision a Marte ikusgai izango da bera bezalako beste frankotiratzaile hainbatek sorturiko  Woche der Kritik (Kritikarien astea) proposamen basa eta independentean. Bere soinu bandan Hertzainak taldearen aspaldiko maketak dituen zuri-beltzezko atrebentzia martziano hau Gauerdiko Metabolismoa izen kurioso eta arras egokia duen zine espazioan kokatu dute aukeratzaileek. Berezi-berezia, espezial-espeziala, inoren aurrean amore ematen ez duen Hackesche Höfe Kino aretoan izango du nazioarteko estreinaldia okina eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikaslea den Amaten lehen luzeak. Berlinen bazaudete, jakin ezazue bertaratzeko Postdamer Platzen hartu beharko duzuela metroko U2 linea eta Alexander Platzen aldatu Hackescher Markterako noranzkoan.

Cuerdas bere laburragatik non eta Clermont-Ferranden Aipamen Berezia jaso berri duela, Estibaliz Urresola Berlinaleko Sail Nagusian da lehian. Hilaren 22an ikusiko da lehenbizikoz munduan bere 20.000 especies de abejas. Non? Zoo Palast zinema jauregian. Hamarkadetan zehar areto hori izan zen Berlingo zinemaldiaren egoitza. Budapester Strasserekin bat egiten duen Ku´dam hiribidearen puntan dago. Hurbilean, tren geltoki nagusia, zoologiko sona handikoa eta Bigarren Mundu Gerrak suntsituriko  Gedächtnis-Kirche (Memoriaren Eliza, hots) horren hondakinak. Hurbilean, plaza maitatua, non 2016ko Gabonetako merkatuan terrorista batek giza sarraskia eragin zuen…

Horiexek Berlinale gurearen datak eta lekuak, baina bitartean… presta zaitezte estralurtarren bisitaldirako.

Antza,  Euskal Herriko Iparraldetik sartuko dira gurean, Kanaldude izeneko eta izaneko  kultur, ikuskizun eta arte eragile eta suspertzaileeK bitarteko elektronikoak eta AAkoak maisuki erabiliz. Burutik batere sano (eskerrak) ez den Jokin Etcheverriaren gonbita onartu bide dute. Jokinen berri ez baduzue, ez zaudete multibertsoan.. Ekoizle moduan ibili da Irati, Akelarre, Nora eta Agur, Etxebeste! pelikuletan.  Parisen estreinatu zuen Eugène Greenen Atarrabi eta Mikelats zehaztezin suertatzen den zine mirari deabruzkoa eta gauza da Lapurdiko soro batean Aita Noel eta Olentzeroren arteko borrokaldia antolatzeko eta horren inguruan festa, aldarrikapena eta filmaketa uztartzen.

MUAK E.T du izenburu  hamaika kanaletan eta Sarean barna bihurri/ganberro/metafisiko/politiko eta sozial dabilen  sei/zortzi ataleko websail honek, Bilboko Media Attack estudioan,  Donostiako lorategi ederretan eta Filadelfiako kale estu eta kutre batean filmatu  izan zenak.

Konplize du ekimenak kategoria altuko zein majo baxuko jendea, hala nola Camille Chopin argazkilaria, Ziomara Ormaetxe koreografoa, Ane Abarrategi, ekintzailea. Ekintzailea izateaz aparte, futuristatzat azaltzen du Anek bere burua. 'Futuristatzat'?! Jakina, nola bestela? Estralurtarren bisitaren zain baldin bagaude, etorkizunaz kezkatzeaz gain, aipaturiko multibertsoan biziak har ditzakeen forma, itxura, testura desberdinen inguruko hausnarketa egin beharko genuke, ez duzue uste? Bada, horretan dabil Ane, maiz konpainia ederrean, sarri bakardadean ere.

Are, etorkizunaz ari bagara, maite ditugun literaturak eta zinemak proposatu dizkiguten begiratzeko moduetatik haratago jo beharko genukeela uste du futurista horrek… Baina horretaz zuen iritzia osatzeko, sail osoa, nire irudiko, ikusi behar. Bertan, rapeko, hip-hopeko bertsotan, Muzker musikaria…

Berlinen zein Sevillan, multibertsoko zulo beltzetan nola, euskal jendea builaka, bazterrak nahasten, pantailak okupatuz, estralurtarren esperoan. Eta Donostiako Orfeoia kantari non eta Adarbakarreko gerratan. Agur t´erdi, Unibertsoko izaki guztiak.