Itxi

Gasteizko jaiak

Andre Maria Zuriaren jaiak

Jaia da nagusi Gasteizen

Erredakzioa

Ohi bezala, Zeledon jaitsierarekin hasi dira Gasteizko 2012ko Andre Maria Zuriaren jaiak. Europar Hiri Berdearen omenez, Zeledonek aterki berdea eraman du.

03:17
Andre Maria Zuriaren lehenengo orduak Eitb

Milaka pertsona bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan Zeledon ongietorria egin eta Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko. Ohi bezala, Zeledon San Migueleko dorretik atera da.

18:00etan, puntu-puntuan, txupina jaurti dute. Aurten EAJko udal-taldeak aukeratutako lau pertsonak izan dute txupina botatzeko aukera, laurak euskal kulturari lotutakoak: Joseba Aginagalde Arabako Ikastolen Federazioko zuzendariak, Mailu Lasarte IKA euskaltegietako irakasleak, Katixa Agirre idazleak eta Iñaki Tena bertsolariak.

Txupina botata, Zeledon dorretik atera eta jaisten hasi da, nekazari arabarren janzkera soinean zuela eta aterkiari eutsita. Aurten aterkiaren kolorea berdea izan da, Gasteizek aurten lortutako Europako Hiriburu Berdea tituluaren omenez.

Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatu eta Gorka Ortiz de Urbina zeledoiak San Migueleko balkoirantz egin du, milaka pertsonaren bultzada eta oihuen artean.

Balkoira iritsi eta txapela eskuan zuela, Ortiz de Urbinak zapia jantzi dio Javier Maroto alkateari (berdez jantzita) eta txupineroen ordezkariari, eta Gasteizen, gasteiztarren eta hiriko patroiaren aldeko ohiuak egin ditu.

Zeledonen kantikak

Azkenik, jai zoriontzak opa dizkie danei eta jaietako abesti ospetsua abesten hasi da eta Europako Hiriburu Berdearen tituluari ere erreferentzia egin dio.

Jaien hasiera ekitaldia aprobetxatuta, Udaleko langileek PPren Gobernuaren murrizketen kontrako pankarta batekin hartu dute Zeledon, "Sektore publikoa ez da saltzen, defendatu egiten da".