Gizartea -
European Green Capital
Zeledonek aterki beltza berdeagatik aldatuko du
La Pegatina, Juan Magán, La Fuga, Esne Beltza, Malú eta Mikel Urdangarin dira, beste batzuen artean, aurten Andre Maria Zuriaren jaietan parte hartuko duten taldeak.
Erredakzioa
Zeledonek bere ohiko aterki beltza beste aterki berde bategatik aldatuko du aurten Gasteizek ospatuko duen Europar Hiri Berdearen omenez. Hori izango da abuztuaren 4tik 9ra bitartean ospatuko diren Andre Maria Zuriaren jaietako programazioan izango den berrikuntzarik nagusiena.
Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Encina Serrano Jai eta Kultura Planifikazio zinegotziak aurtengo programazioa osatuko duten ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur eginiko prentsaurrekoan.
Aurten ere, jaietako ekitaldirik garrantzitsuenetarikoak Foruen eta Aihotz enparantzetan ospatuko diren kontzertuak izango dira, Espainiako enparantzan egingo diren dantzaldiak ahaztu gabe.
Foruen enparantzako kontzertuak abuztuaren 4an hasiko dira La Pegatina taldearen kontzertuarekin, eta lau egun geroagora arte luzatuko dira. Lau egun horietan zehar, Juan Maganek, LosDelGas, La Fuga eta Los Suavesek, Esne Beltzak eta Maluk parte hartuko dute. Azken horrek Tigres del Norte mexikarrak ordezkatuko ditu 8an, estatutik egingo zuten bira bertan behera utzi ondoren.
Umeentzako txokoa
Giro euskaldunarentzat erreserbatutako Aihotz enparantzan Vendettak, Mikel Urdangarinek, Mikel Markezek, Erramun Martikorenak eta Eratuk hartuko dute parte.
Txikienek ere Arabako hiriburuko jaiez gozatu ahalko dute, Peñafloridako Kondearen enparantzan umeentzako txoko bat antolatu baitute. Bertan, Gargantua jartzeaz gain, zirko espektakuluak, tailerrak, erdarazko, euskarazko eta ingelesezko kontu kontalariak eta animazio ezberdinak egingo dituzte haurrentzat.