Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Hungariak EBk Ukrainari bideratutako laguntza blokeatu du

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Une honetan Ukrainak ez du Bruselatik jaso beretzat premiazkoena dena: diru gehiago eta armak. Diru laguntza Hungaria oztopatzen ari da

Europar Batasunak Ukrainarekin atxikitze negoziaketak hastea erabaki du. Erabaki hori batez ere sinbolikoa da, ez delako eperik zehazten, ez eta azkenean Ukraina Europar Batasuneko kide izango ote den. Ukrainak baldintzak beteko ote dituenaren menpe dago: beharrezkoak diren legediaren erreformak, ustelkeriaren aurkako borroka eta gerraren amaiera. Europar Batasuna bera ere geografikoki hain handia den herrialde bat bere baitan hartzeko prest dagoen ere ikusi beharko da. Une honetan zama ikaragarria izango litzateke Europar Batasunarentzat Ukraina sartzea, bai bere Nekazal Politika Bateratuarentzat eta baita erabakiak hartzeko prozesuentzat ere.

Hori kontutan hartuta, une honetan Ukrainak ez du Bruselatik jaso beretzat premiazkoena dena: diru gehiago eta armak. Diru laguntza Hungaria oztopatzen ari da, Estatu Batuetan Alderdi Errepublikanoa oztopatzen ari den bezala.

Arlo militarrean une honetan Kievek ezin du aurrera egin, eta asko jota, bere posizioak mantentzera mugatzen ditu bere indarrak. Politika arloan ere, lehen zatiketak agertu dira gobernuaren gidaritzan. Ostera, Putin presidenteak bere posizioak egonkortu egin ditu, Prigozhinen Wagner taldearen matxinada ahaleginaren ondoren. Egoera honen aurrean Europar Batasunak bere esku dauka Ukrainaren etorkizunerako oso garrantzitsua izan daitekeen erabakia.  

Europar Batasunak, urte batzuetarako duen aurrekontua aldatu behar du, Ukrainari 50.000 miloi euro eman ahal izateko. Horretarako 27 estatu kide guztien adostasuna behar da. horri Hungariak betoa jartzen dio. Oztopo horren aurrean, gainerako 26 estatuk beste aukera bat dute, laguntza hori Europar Batasuneko aurrekontuetatik kanpo onartzea.