Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

70 mmko zeluloidea? 35ko? Ez, Super 8!

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Viniloak nola, kaseten zinta nola, 8mmko zeluloidea modan da, berpiztu da. Zinemagintza abangoardian diren askok ezinbesteko dute jolasean zein esperimentuetan jardun ahal izateko.

Behin batean ba izan zen 35 milimetrotan egiten zen zinema sekulakoa. Behin batean ba izan zen 70 milimetrotan egiten zen zinema klase eta neurriz kanpokoa. Garai haietan, zinema zen munduko, planetako, galaxiako, unibertsoko eta artean ezagutzen ez genituen multibertso horietako ikuskizunik handiena

Zeluloidea, lehengai fisikoa, material fisiko baino  fisikoagoa zen (da). Ukitu zenezake. Moztu zenezake, biribildu, hedatu; lotu, soltatu. Zikintzen zen. Hautsak hartzen zuen. Baita oxidoak tintatu, zapuztu ere (Ikus Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian emango duten God is a Woman filma…). Kariñoz garbitzerik bazen (bada, erreparatu zaharberritzen diren  ahanzturak hartuak ziren hainbat harribitxi horiei…) Margotu zitekeen . Bai, Méliès aztiak, zinema jaio berria zela, eskuz margotu zituen bere film zenbait; urteak joan, hamarkadak etorri, Sistiaga gureak burutu zuen parerik ez zuen balentria , e erera baleibu izik subua aruaren... izenburu ezinezko pelikula baten fotogramak pintzelaz pintatuz. 1968 urte fama handikoaren beste atrebentzia izan zen berea, entziklopedia guztietan zinema esperimental goreneko sailean  aipatzen dena. 

Zeluloidea, zinemarako, irudirako, euskarri fisikoa, oso fisikoa. Biniloa nola, kasetetako zinta nola.

Garai haietan, noiz artean digitala, birtuala eta horrelako hitzak erabiltzen ez genituen… pelikula denak zeluloidean filmatzen ziren. Denak.  Bai orain unibertsitate bat baino gehiagotan ikertzen ari diren Etxeko filmak deituriko horiek (cine doméstico gaztelaniaz, home movies ingelesez, film amateur edo cinéma à domicile frantsesez), bai aretoak betetzen zituzten Hollywoodeko superekoizpen haiek.

Bazen neurri ezberdinetako zeluloidea. Familia bakazioetan, paseoan edo ospakizunetan zireneko pelikula haiek 8 milimetrotan filmatu ohi ziren, eskuko kamera dardarti batez, bai, baina baziren ere formatu pixkatxo handiagoko lan profesionalak, artistek sortuak. Filmin plataformak altxor eskaintzen ditu horietako batzuk (eta ez pentsa, ez  hain antigoalekoak), 16 milimetrotan eginak. Izenbururik nahi? Teddy Bears marrazki bizidunak, dokumental pila, iragan hurbil, oso hurbilekoak diren Alice Rohrwacherren Lazzaro felice, Todd Haynesen Carol, Oliver Laxeren beraren O que arde. Eta… Euskal Herriko zineklubetan ikusgai izan berri den Riddle of Fire harrigarria,...

8 eta 16 milimetro horiek badute testura berezia. Tamaina horretako pelikula ez da, inolaz ere 'sortzez garbia' eta suabea, leuna, fina. Alderantziz, latza, kasik gordina, suertatzen da ukitzean. Ez da, ezta ere, laua pikortua baizik. Ezaugarri horiek guztiak zuzendarien etxekaltetzat jotzen ziren pasa garaietan. Orain berriz, egungo sortzaileek beren sorkuntzarako baliabide ezin artistikoagotzat jotzen dute zakartasun delizios hori

35 mm eta 70 mmek, berriz, izugarrizko ehundura zuten. Are, dir-dir egiten zuten eta argazki zuzendariak amesturiko/asmaturiko edo Naturatik beratik jasotako argi guztiak hartzen zituzten eta handitu, edertu. 35 mmko zabalera duen pelikula 1898an asmatu zuten Edison, Dickson eta Eastman jaunek. 1909an bihurtu zen zinema neurri estandar. Alta, egun zinema areto gutxik daukate 35 mm horiek proiektatu ahal izateko gailuak. Horrexegatik, nostalgiak bultzaturik eta  joan diren urtetako edertasunaren egarriz, zinemagile paregabe batzuek erabili izan dute euskarri eder hori 21. Mendean ere. Nortzuek? Tarantinok, Christopher Nolanek, Lanthimosek, Scorsesek, Eggersek.,. 35tan dira filmatuak: Los odiosos 8, Interstelar, La favorita, El sacrificio de un ciervo sagrado….

Aspaldi zaharrean, publizitateak esaten bazuen ikusi behar zenuen filma 70 milimetrotan zela egina, ederki asko eta segituan baieztatzen zenuen ikusgarria, espektakularra, izango zela. Dena kabituko zen pantailan. Are, pantailatik ihes egiten zuten irudirik ere bazela pentsatzen zenuen pelikula aurrera joan ahala, Ben-Hur, Cleopatra, West Side Story, … Gaur egungorik? Baaai Oppenheimer! Baina Euskal Herrian ezin izan dugu 70 horietan ikusi. Hurbilen geratzen zitzaigun aretoa, 70 mmtan proiektatzeko baliabideak dituena, hots, Bartzelonako Phenomena aretoa zen…

Gaur mila pelikula filmatzen dira digitalean. Batzuek (animaziozko Spider Man horiek) zeluloidearekin konbinatzen dute digitalizazioa. Baina, zeluloidearekiko min gozoak hor dira, Iruñako Punto de Vista jaialdian baieztatu izan dugun bezala. Hasteko, Oscar Alegriaren ZinzinDurrunKarratz, Super 8ri egindako kanta bat da… familiaren etxean aurkituriko Super 8ko bobina zahar batzuekin filmatua! Ez zen izan lan erosoa, ezta erraza ere. Eten egiten zen zeluloidea, soinurik ez zuten pelikula horiek eta 2minutuko filmaketa batek 25 euro kostatzen zuen. Beraz, serio demonio erabaki behar zer filmatu, noiz eta nola.

Bartzelonan jaioa eta Parisen sortzaile diharduen Ana Lopez Lunasek Oskarrek hartutako erabaki bera hartu zuen eta Trànsitos, sanferminen gaineko bere sormenezko lan esperimentala, Super 8ko kamera batez filmatu. Ikaragarria suertatu zitzaion esperientzia. Hain zen balio handikoa eskuan zeraman kamera ez baitzen ausartu 'txupinazo'ra arrimatzen, dantzan, tragoxka, builan den jendetzak ez ote zuen deskalabratuko… Bestalde, hain dira zaurgarriak bai pelikulak bai gailuak ezen filmatua zuen material erdia ezabatu zitzaion. Digitalean ari zen segurtasun kopia grabatzen, baina hondakinekin joko egin nahiago zuela erabakiz, eutsi egin zion Super 8ari.

Emaitza? Amets-irudi ezin tentagarriagoa, estrainioagoa…

Viniloak nola, kaseten zinta nola, 8mmko zeluloidea modan da, berpiztu da. Zinemagintza abangoardian diren askok ezinbesteko dute jolasean zein esperimentuetan jardun ahal izateko. Garestiak dira bobinak eta zailak maneiatzen kamerak eta proiektagailuak baina gogoak oztopo guztia gainditzen ditu, etxekalte etxeonura bihurtuz.