Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Romney ondo ari da

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

- Erredakzioa -

Alderdi Errepublikanoak ezer hoberik ez zuelako izendatu zuen bera hautagai.

Mitt Romney uste zena baino indar handiagoa duen hautagaia dela erakusten ari da. Alderdi Errepublikanoak ezer hoberik ez zuelako izendatu zuen bera hautagai.

Bere alderdiaren hauteskunde-primarioetan egindako kanpaina ez zen bereziki bikaina izan. Hautagai izendatua izan eta gero ere, hanka sartu zuen pare bat aldiz. Bi alderdi ahul ditu Romneyk: aurrena, mormoia dela, eta estatubatuar askok mesfidantzaz begiratzen diote erlijio horri; bigarrena, aberatsegia dela.

Lehenengo eztabaidan harrigarria izan zen Obamak % 47aren bideo famatua aipatu ez izana. Duela hilabete batzuk, enpresariekin egindako eta norbaitek grabatutako bilera pribatu batean, Romneyk esan zuen badakiela estatubatuarren % 47k gutxienez ez diola berari botorik emango, diru-laguntzen bidez bizitzera ohitu direlako. Alegia, alfertzat jo zituela amerikarren erdiak. Obamak ez zuen hori lehendabiziko eztabaida horretan erabili. Bart erabili du, baina azken galdera arte itxaron du.

Analista politiko eta urgentziazko inkesta guztiek baieztatzen dute Obamak irabazi duela gaur, baina tarte txikiarekin, aurrekoan Romneyk Obamari atera ziona baino tarte txikiagoarekin.

Hau da, Romney, bere puntu ahulak gorabehera, oso ongi ari da. Horrekin zera lortu du: hauteskundeak egiteko hiru aste falta diren honetan, oraindik ezin dela esan garaitua izan dela.