cerrar buscador

Obama

Profila

Obama, berriz ere amets?

2008an, mundua liluratu zuen "Yes, we can" esanez. 2012an, desengainua izango du arerio nagusi.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

DAVID PEREZ

Barack Hussein Obama, AEBetako 44. presidente eta Bakearen Nobel sariduna, bere buruaren aurka lehiatuko da azaroaren 6ko hauteskundeetan.

Haren arerioa ez da Mitt Romney izango, desengainua baizik. 2008an, hautagai erromantikoena izan zen, aldaketa gogoa, lider mesianikoa, Martin Luther Kingen ametsa. 2012an, gizakia baino ez da, krisi ekonomikoak irentsitako enegarren buruzagia izatea galarazi nahi duena.

AEBetako ekonomia hazi egin da berriz, eta eurogunea ez bezala, herrialdea ez da bigarrenez sartu atzeraldian, baina boto-emaileak etorkizunarekin kezkatuta daude, eta zalantzan jarri dute Obama ekonomia suspertzeko gai izango ote den, The Wall Street Journal egunkariko adituen ustez.

Horrenbestez, Obamaren erronka nagusia distira berreskuratzea izango da, duela lau urte aurreiritziak gainditu eta AEBetako lehen presidente beltzarekin amesten hasi zirenak berriz liluratzea.

Lehen harria dagoeneko jarri du: maiatzean, homosexualen arteko ezkontzen alde agertu den lehen presidente estatubatuarra izan zen. Hori bai 2008ko Obama.

Herrialdean aldaketa ekarri nahi zuen, baina Historiak Osama Bin Laden Al Kaidako buru zena akabatzeagatik gogoratuko du.

Obamak amaiera eman zion Irakeko gerrari, eta osasun sistema goitik behera aldatzeko anbizio handiko erreforma onartu zuen. Hain zuzen ere, erreforma hori haren ondare nagusia izateko jaio zen, baina talka egin zuen iritzi publikoaren eta auzitegien aurka.

AEBak osasun sistema publiko unibertsalik gabeko herrialde industrializatu bakarra dira, eta Obamak zerbitzua estatubatuar guztientzat zabaldu nahi izan zuen. Gidoia, baina, ez da beti betetzen: europarrentzat ulertezina bada ere, estatubatuar gehienak erreformaren aurka agertu ziren, eta orain legea herrialde horretako Auzitegi Gorenaren esku dago.

Legegintzaldia bukatuta, hainbat promes betegabe utzi ditu. Adibidez, ez du itxi Guantanomoko espetxea, eta ez du hobetu hispanoen bizimodua.

Obamak "Yes, we can" (Bai, ahal dugu) promestuz liluratu zuen mundua. Obama, oraindik ere ahal duzu?

BIOGRAFIA

Barack Obama 1961. urtean jaio zen, Hawaiin. Ama Stanley Ann Dunham izeneko Kansaseko antropologoa zen, eta aita, Kenyako ekonomialari bat, Barack Obama senior. Biak hilda daude.

Obamak bi urte zeuzkanean, gurasoak banandu egin ziren. Geroztik, behin bakarrik ikusi zuen aita, hark AEBetara egindako bisita batean.

Ama bigarrenez ezkondu zen, Indonesiako gizon batekin, eta Obama gazteak hainbat urte eman zituen herrialde horretan. Hawaiira itzuli zenetan, aitona-amonekin bizi izan zen.

Nerabe bihurria izan zen, baina eskola ibilbide aparta egin zuen. Harvardeko eta Columbiako unibertsitateetan ikasi zuen, irakasle lanak egin zituen eta azkenik Illinoisko senatari bilakatu zen.

Iritzi publikoak 2004. urtean ezagutu zuen, Alderdi Demokrataren Konbentzioan. "Ez dago AEB zuri bat eta AEB beltz bat, Ameriketako Estatu Batuak daude", esan zuen bertan.

Bi liburu idatzi ditu, "The Audacity of Hope" (Itxaropenaren ausardia) eta "Dreams from my father" (Nire aitaren ametsak). Biak best seller izan dira nazioartean.

Michelle Robinson Obamarekin ezkonduta dago. Bi alaba dituzte, Malia Ann eta Natasha (Sasha).

Informazio osagarria:

Mitt Romney Twiterren

Zein da AEBetako alderdi politikoen diru-iturria?

AEBen hauteskunde sistema: Zergatik ez da beti bozkatuena presidente?



  • ARGAZKI GALERIA

    Argazki galeria