Itxi

Bake prozesua

Azaroaren 20an

Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoratuko dituzte Bilbon

Erredakzioa

'Egia bidea, askatasuna amets' lelopean egingo da omenaldia Esperantza frontoian.

  • Argazkia: EITB

Azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoratuko dituzte Bilboko Esperantza frontoian egingo den ekitaldian. Biak ala biak egun horretan erail zituzten, 1984an eta 1989an, hurrenez hurren.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Bilbon, “Egia bide, askatasuna amets” lelopean. Aurkezpen ekitaldi horretan izan dira Edurne Brouard eta Ane Muguruza, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren alabak hurrenez hurren, eta Idoia Muruaga eta Elena Bartolome.

Gatazka armatu eta politikoaren konponbidea lortzeko, “beharrezkoak” diren hiru arlo jorratu nahi dituzte omenaldi horrekin. “Egiaz, errespetuaz eta aitorpenaz ari gara; Euskal Herriaren askatasuna lortzeko, eta gatazkaren konponbide demokratikoaren alde borroka egin zuten milaka pertsona horien aitorpenaz, hain zuzen ere”, adierazi du Muruagak.

Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen atzean nor ezkutatzen zen eta horien arduradun politikoa nor izan zen argitzea eskatu dute familiek. Horrez gain, “inor bazterrean utzi gabe, egia osoa ezagutzea” eskatu dute.

Omenaldia deitu dutenen iritziz, helburu nagusia gatazkaren irtenbide demokratikoa lortzea da, “aitortzaren eta sortutako mina konpontzearen gainetik”. Horien ustez, pertsona guztien eskubideak errespetatzetik urrun gaude oraindik, eta, beraz, “militante horien legatua bizirik dago, eta beren eskariek ez dute erantzunik jaso”.