cerrar buscador

Organoen eta ehunen transplantea Euskadin | EITB Maratoia

EiTB MARATOIA

Informazioa

Transplanteak eta birsortze-medikuntza

Transplante bat egiten denean, gaixo dagoen organo edo ehun bat kendu eta ondo dabilen bat jartzen da. Pertsona batetik besterakoa da prozedura, bizirik edo hilda dagoen pertsona izan daiteke emailea

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Azken 30 urteotan, mediku eta kirurgia-teknikek pixkanaka bizi izandako hobekuntzaren ondorioz, eta profesionalen esperientzia eta terapia immunosupresorearen aurrerapausoak tarteko, organo eta ehunen transplanteen programek garapen garrantzitsua izan dute.

Gaur egun, bizi-organoen (bihotzaren, gibelaren, biriken) endekapenezko patologia aurreratuetan erabili daitekeen terapia bakarra organoen transplantea da, eta giltzurrun-gutxiegitasun kronikoaren kasuan, berriz, aukerarik onena.

Hainbat patologiak jotako gaixoen bizi-kalitateak hobera egiten du ehunen transplanteari esker. Azken urteotan, aurrerapen handiak egin dira esparru honetan, hala jarduera handiagoa delako nola aplikazio terapeutikoak eta lortutako emaitzak hobeak direlako. Besteak beste, kornearen, ehun osteotendinosoaren, azalaren edo mintz amniotikoaren transplanteak gure ospitaletan egiten diren laguntza-praktika ohikoak dira dagoeneko.

Aitzindari hematopoietikoen transplanteen (hezur-muinaren transplanteen) kopuruak ere gora egin du, eta gero eta emaitza hobeak lortzen dituzten gero eta teknika desberdin gehiago erabiltzen dira.

Transplanteekin lortutako emaitza bikainen isla diren zenbait zifra aipatzearren, zera esan dezakegu, transplantatuek transplantea egin eta 5 urtera bizirik jarraitzen dutela. Transplantea egin eta 5 urteren ondoren, biziraupena egonkor mantentzen da beste 10 urte edo gehiagoz, txertoaren galerak eragindako zailtasun nagusiak batez ere lehenengo 3-5 urteetan gertatzen baitira.

Transplantaturiko organoa edo ehuna errefusatzea da transplanteetan ematen den arazo nagusietako bat. Errefusatzea bi norabidekoa izan daiteke. Batetik, gaixoak txerto-ehuna errefusatu dezake, baina hartzailearen aurkako txerto-ehunaren erantzun immunitarioa ere gertatu daiteke.

Transplanteen emaitza baloratzeko orduan, organo-hartzailearen bizi-kalitatea zein biziraupena hartu behar dira kontuan.

Azpiegitura eta antolaketa

Oso garrantzitsua da azpimarratzea, organo-transplanteen programak ezinezkoak direla itxarote-zerrendarik gabe (eskaerarik gabe) eta zerrenda horiek emaile egokiak lortzearen mende daudela, izan ere, transplante-programek edonoiz (urteko 365 egunetako 24 orduetan) transplante bat egiteko beharrezkoak diren baliabideak eskura baitituzte.

Bi emaile mota daude:

- Bizirik dauden emaileak: Bizirikdagoen pertsona baten organoa jasotzea askoz hobea da hartzailearentzat, txertaketaren mugaeguna edo bizia handiagoa delako, hildako baten organo batekin alderatuta. Emaileak adinez nagusia izan behar du, eta osasun fisiko eta mental ona eduki.

- Hildako emailea: Orain arte, trafiko-istripuak ziren hildako emaileen iturri nagusia. Hala ere, azken urteetan, trafiko-istripuen ezbehar-kopuruak zorionez behera egin duenez, organo-emaile izan daitezkeen pertsonen kopurua heren bat murriztu da. Gaur egun, ordea, garuneko hodietako arazoen ondorioz hiltzen diren pertsonek osatzen dute emaile talde nagusia, eta oro har, pertsona zaharragoak izaten direnez, itxarote-zerrendan dauden gazteen transplante-aukerak gutxitu egin dira.

Hilotzen organo-emateari dagokionez, ondokoak dira aintzat hartu beharreko alderdiak: batetik, taldeen antolaketa (goian esan bezala, erabilgarri eta lanerako prest egongo dira beti), eta bestetik, familiak horretarako baimena ematea. Izan ere, Euskadin, organoak ematearen aldeko erantzun-tasa munduko altuenetakoa bada ere, oraindik bada zer hobetua, ezezko erantzunak zerotik ahalik eta gertuen egon daitezen ahalegintzeko.

Organo-emaileen datuak Euskadin

Euskadi punta-puntako erkidegoa izan da beti transplanteen esparruan.

2012an, EAEko organo-emateen tasa milioi bat biztanleko 40,6koa izan zen; estatuko batez bestekoa, aldiz, 34,8koa da. Horren arabera, 204 gaixok jaso zituzten organoak EAEn (117 giltzurrun-transplante, % 12 emaile bizidunenak, 63 gibel-transplante, 14 bihotz-transplante eta 11 birika-transplante).

Gauzak horrela, Euskadi autonomia erkidego aktiboenetako bat dela esan daiteke, eta Europako batezbestekoa nabarmen gainditzen du.

Adibide bat jartzearren, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak organo-emateen sistemako buru da azken bi hamarkadetan, estatu osoko bere kategoriako ospitaleak aintzat hartuta. Azken hogei urteotan, 550 organo-emaileren langa gainditu du, eta horri esker, 1.565 gaixori transplanteak egin ahal izan zaizkie (926 giltzurrun-transplante, 397 gibel-transplante, 139 bihotz-transplante, 84 birika-transplante eta 19 pankrea-transplante). Horrez gain, 550 hildakoren ehunak eman dira (hezurrak, tendoia, korneak…), eta horiei esker, 851 korneako transplante eta 1.900 ehun osteotendinosoen transplante baino gehiago egin ahal izan dira.

EAEko organo-emateen tasa autonomia erkidegoen arteko aktiboena bada ere eta Europako batezbestekoa aise gainditzen badu ere, organo-emaileen eskasia daukagu. Ez dago inolako mugapenik, beti egongo direlako organo-hartzaile eta organo-emaile egoki bat, eta Osasun Publikoak herritarren eskura jarriko baititu beharrezkoak diren baliabide guztiak.

 

 

 

  •