2026ko elkartasun maratoia - EITB Maratoia

EiTB MARATOIA
EITB Maratoia 2026
EITB Media
• Barrikako itsaslabarrean, Bizkaian, grabatu dute, Sua Enparantza eta Ylenia Baglietto antzezleekin, Afrika Bibang eta Ariane Vega abeslariekin, Easo abesbatzako kideekin eta elkarteetako boluntarioekin.


EITB Maratoiak 27. edizio honetako bideoklipa estreinatuko du: Zea Maysen "Elektrizitatea" kantuaren bertsioa, Barrikako (Bizkaia) itsaslabarrean grabatua. Sua Enparantza eta Ylenia Baglietto antzezleek, Afrika Bibang eta Ariane Vega abeslariek eta Easo abesbatzako kideek hartu dute parte, elkarteetako boluntarioekin batera. Berrogeita hamar pertsona baino gehiago, gehienak emakumeak, ahotsak eta eskuak elkartuta, bularreko minbiziaren eta ginekologikoaren ikerketaren korrontearekin bat egiteko.
Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera leloarekin, gaixotasun horien prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiten jarraitzeko ikerketan jarri nahi du arreta aurten EITB Maratoiak, eta korronte horrekin konektatzera deitu nahi ditu herritarrak. Nola? Elkarri eskua eman eta besoak olatu itxuran mugituta: elektrizitateak bezala, eskuz esku aurrera egingo duen olatu erraldoi bat sortzea da helburua, guztion artean ikerketa bultzatuko duen olatu kolektibo handi bat eraikitzeko. Mugimendu sinple baten bidez, herritarrek elkartasuna, konpromisoa eta lankidetza irudikatuko dituzte, gizarte osoa kausa beraren alde konektatzeko. Kanpainaren mezua indartzeko, Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia aukeratu du EITBk.
EITB MARATOIA 2026 - BIDEOKLIPEKO ABESLARIAK
Hala, ikerketa bultzatuko duen mugimendu kolektibo horren parte izateko gonbidapena egin nahi du EITB Maratoiak. Izan ere, ikerketa da aurrerapena eta berrikuntza bultzatzen dituen energia; eta, ideia horretatik sortu da, hain zuzen ere, leloa: talentua, zientzia, elkartasuna eta konpromiso soziala kausa komun baten inguruan lotzeko gai den korronte baten parte izatera gonbidatzea herritarrak.
EITB MARATOIA 2026 - BOLUNTARIOAK, KORUA ETA ABESLARIAK
Abenduaren 17an egingo da EITB Maratoiaren egun handia, lau hiriburuetan aldi berean garatuko diren ekitaldi bereziekin. Aurretik, baina, ohi bezala, elkartasun kanpaina jarriko da abian, Zure bertsiorik onena erronkarekin. Gainera, martxan da ekarpenak egiteko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478).
Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera
© EITB - 2026 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
