Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Esklerosi anizkoitza

Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren gaia

EITB Media

Esklerosi anizkoitzaren Mundu Egunean, EITBk aurtengo kanpaina solidarioaren kausaren berri eman du eta esklerosi anizkoitzaren Euskal Herriko elkarteak Bilbon antolatutako jardunaldiarekin bat egin du.

  • Esklerosi anizkoitzaren mundu egunean antolatutako ekitaldia.

    Esklerosi anizkoitzaren mundu egunean antolatutako ekitaldia. Argazkia: EITB

Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren gaia. Iragarpena, astelehenean, maiatzak 30, esklerosi anizkoitzaren Mundu Egunean egin zuen EITBk, gaixotasun horren Euskal Herriko Elkarteak Bilbon antolatu zuen jardunaldi zientifiko-soziala aprobetxatuz. Bilboko Yimby aretoan, gaixotasunaren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko jardunaldia izan zen eta EITBk bat egin zuen Fundazioaren ahaleginarekin, gaixotasunaz ohartarazi eta gizartean ikusgarri egiteko. Esklerosi anizkoitza gazteen artean desgaitasunen bigarren kausa da, trafiko-istripuen atzetik.

Goizean, gaixotasuna gizartera hurbiltzeko, hiritarren partaidetza zuzena bilatzen zuen kale ekintza antolatu zuten Yimbi aretoaren kanpoaldean (Ercilla Kalea, 24). Proba arin batzuen bidez esklerosi anizkoitzaren sintomak azaldu ziren eta norberak ere, gaixo egonda zer sentitzen den bere azalean sentitu ahal izan zuen.

Goizeko ekitaldi irekira hurbildu ziren Marian Ibarrondo Osasun saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Zaloa Mendez, EITB Maratoiaren arduraduna EITBn; Xabier Madariaga EITBko kazetaria eta aurkezlea; Pedro Carrascal Euskadiko Esklerosi Anizkoitza Fundazioko zuzendaria; Alfredo Antigüedad Gurutzetako Ospitaleko Neurologia burua eta esklerosi anizkoitza duten gaixoak.

Xabier Madariaga, esklerosi anizkoitzaren mundu egunean antolatutako ekitaldian..

Xabier Madariaga, esklerosi anizkoitzaren mundu egunean antolatutako ekitaldian.

Arratsaldean, Bilboko Yimby aretoan, esklerosi anizkoitzean erreferentziazkoak ziren neurologoek, pazienteek, senideek eta profesional sanitarioek gaixotasun neurologiko honi buruzko azken berriak aztertu zituzten. Besteak beste, esklerosi anizkoitzaren egungo egoeraz, genetika eta ingurumen faktoreen eraginaz eta gaixotasunaren inguruko azken berriez aritu ziren.

Arratsaldean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak EITB Maratoiaren aurtengo gaiaren iragarpena egin zuten jardunaldietara gerturatutako profesional, paziente eta senideen aurrean.

EITB Maratoiaren aurtengo gaiaren iragarpen honekin, abenduan amaituko den esklerosi anizkoitzaren sentsibilizazio eta informazio kanpaina hasi dute EITBko hedabideek. Horrela, beste urte batez, EITBk parte hartze aktiboa bilatuko du gizartearen transformazioan. Osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta  gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea baita EITB talde publikoaren betebeharra. 

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua.

Esklerosi Anizkoitzaren ezaugarri orokorrak

Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun auto immunea da, eta garunaren eta muinaren berezko hanturan datza. Efektu horren ondorioz, nerbioak eta mielina galtzen dira, eta horrek nerbio-sisteman orbainak ugaritzea eragiten du.

EA kronikoa, konplexua, endekapenezkoa, heterogeneoa eta aldakorra da. Pertsona bakoitzarengan modu ezberdinean agertzen da, eta haren sintomak motaren eta intentsitatearen araberakoak dira. Heldu gazteetan agertzen da, eta desgaitasun ez-traumatikoaren lehen kausa da adin tarte horretan. Ez du sendabiderik, eta ez da ezagutzen zerk sortzen duen.

2.600 pertsonek dute esklerosi anizkoitza Euskadin eta 55.000 pertsonak baino gehiagok Espainiako estatuan. Horietatik % 75 emakumeak dira. Munduan 2.800.000 dira, eta Europan 1.000.000 baino gehiago. 100.000 biztanleko 120 kasuko prebalentzia dute Espainian eta diagnostikatutako kasuak 2,5 aldiz biderkatu dira azken 20 urteetan.

Euskadiko esklerosi anizkoitzaren Fundazioa

Bizkaiko esklerosi anizkoitzaren Elkarteak, ADEMBIk, EA Fundazioa sortu zuen 2001ean, EAEn gaixotasun horren aurkako borrokan aurrera egiteko eta hiru lurraldeetan EMko elkarteen lana bultzatzeko eta babesteko, EA duten pertsonei zuzeneko arreta emateko lana egiteko beharrezko baliabideak eskainiz.

Gaur egun, Fundazioa erreferentziazko erakundea da esklerosi anizkoitzean Euskadin eta Estatuan, gizartea sentsibilizatzeko egiten dituen ekintza berritzaileengatik, eta aitzindaria da pazienteei errehabilitazio- eta gizarte-zerbitzuak eskaintzen, teknologia osasun-zerbitzura txertatuz.

EITB Maratoia euskal gizarte osoaren elkartasun proiektua

EITB Maratoia euskal gizarte osoari zabaldutako proiektua bilakatu da eta 20 urte baino gehiago daramatza hiritarren partaidetza zuzena bilatzen: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; eta bestetik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutuz.

Euskal gizartearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, orain arte bildu den dirua minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak ikertzeko proiektu ezberdinak finantzatzeko erabili da, besteak beste.

BIOEF Berrikuntza , Ikerketa, eta Osasuna Eusko Fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara. BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako  kideek ere parte hartu ohi dute.