Itxi

#EKIN_etenZiberbullinga

#EKIN_etenZiberbullinga

#EKIN_etenZiberbullinga

Ziberbulinga

EITBk "#martyhilda" webserie arrakastatsua estreinatuko du, ziberbullingari buruzko #EKIN kanpainaren baitan

EITB Media

EITB taldeko hedabide guztiek #EKIN_etenZiberbullinga kanpaina burutuko dute, Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskainiz. 

  • #EKIN_etenZiberbullinga

    #EKIN_etenZiberbullinga

Gaur, martxoak 21, EITB taldeko hedabideek #EKIN_etenZiberbullinga kanpaina jarriko dute abian. Aste osoan zehar, Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskainiko dituzte.

Edukien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, "#martyhilda" Txekiako webserie arrakastatsuaren emanaldia martxoaren 21etik aurrera; Xabier Madariagak gidatutako "#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" saio berezia martxoaren 27an; "Go!azen" eta "Irabazi Arte!" telesailetako aktoreek ziberbullingaren inguruan aholkuak emateko egin dituzten bideoak; eta kanpainaren inguruko eduki guztiak bilduko dituen webgune berezia.

Halaber, "Ur Handitan" saioak matxismoa eta sare sozialak izango ditu hizpide martxoak 22an, eta elkarrizketa eta eduki bereziak landuko dituzte aste osoan zehar ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan eta "Biba Zuek!", "Nos Echamos a la Calle", "En Jake" eta "Navarra Hoy" saioetan. Gainera, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Radio Vitoriak eta Gazteak ere gaia jorratuko dute saio ezberdinetan.

#martyhilda webseriearen irudia

#martyhilda webseriearen irudia

Teknologia berrien eta sare sozialen erabilerak dakartzaten arriskuen artean, bereziki garrantzitsua da ziberbullinga, gazteen artean batez ere. Izan ere, adituek ohartarazi dute gazteen % 70ak ziberjazarpen motaren bat jasan izan duela.

Datu horien aurrean, EITBk bere gain hartu du ziberbullingarekin lotutako arazoak aztertu eta horiei buruzko informazioa zabaltzeko ardura, euskal gazteen artean praktika horien arriskuei eta irismenari buruzko sentsibilizazio kanpaina bultzatuz. Horretarako, #EKIN kanpaina jarriko du martxan, euskal gizartea kezkatzen eta eragiten duten arazoetan arreta jarriz, eta haien aurrean ekiteko beharra azpimarratuz, gizartea eraldatu eta hobetzeko.

"#martyhilda" webseriearen estreinaldia

Ustekabean hil den 15 urteko Marty gaztearen istorioa da "#martyhilda". Zendu aurretik grabatutako bideo beldurgarri sorta bat besterik ez du utzi atzean. Minak atsekabetuta, Martyren aita semearen online bizitzaren zati ikaragarriak berreraikitzen saiatuko da, bere amaiera tragikoaren nondik norakoak argitzeko. Semearen Facebook kontuan sartzea lortu ondoren, "Good-looking girls" profilarekin mezuak eta bideoak trukatzen denbora luzea zeramala jakingo du.

Kritikak asko goraipatu du Pavel Soukupek zuzendutako webseriea eta 2021ean atal laburren serie onenaren Emmy International saria jaso zuen. Benetako ziberbulling kasuetan inspiratuta dago, nerabeekin aritzen diren psikologoen, zibersegurtasuneko adituen eta arazoari aurre egiten aritzen diren beste profesional batzuen esperientzietan oinarrituta.

#martyhilda webseriearen irudia

#martyhilda webseriearen irudia

"#martyhilda" webseriearen arrakastaren ondoren, sortzaileak telesailaren ondorengo lana prestatzen ari dira "#annaismissing" izenarekin. Gaur egun garatzen ari den proiektua da, merkatu beltzean bideoak eskaintzeko neskato baten bahiketaren ingurukoa.

"#martyhilda" webserieak 10-12 minutuko zortzi kapitulu ditu eta egunero atal bat ikusi ahal izango da, 15:30ean, eitb.eus-eko webgune berezian, martxoaren 21etik aurrera. Atal bakoitza EITB Nahieranen eta EITBren Youtubeko kanalean ere egongo da ikusgai. Igandean, martxoak 27, telesaila osorik ikusi ahal izango da ETB1en, 21:30etik aurrera.

"#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" Xabier Madariagarekin

Igandean, telebistako emanaldiaren ondoren, Xabier Madariagak "#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" saioa eskainiko du. Bertan, ziberbulling kasu errealak eta testigantzak bilduko dituzte, eta horrekin batera adituen iritziak, arazoak Euskadin duen garrantziaren gakoak ezagutzeko. Horien artean nabarmentzekoak dira Esti Linares, Deustuko Unibertsitateko ikertzailea; Tamara Martínez, gizarte-langilea; Alexander Rodríguez, orientatzaile eta psikologoa, eta Agueda Laraudogoitia, irakaslea.

Ziberbullingari buruzko bideo didaktikoak "Go!azen" eta "Irabazi Arte!" aktoreekin

#ekin_etenZiberbullinga kanpainari buruzko webgune bereziak "Go!azen" eta "Irabazi Arte" telesailetako aktore protagonistek egindako hogei bideo didaktiko eskainiko ditu, gaiaren inguruko aholku eta informazioarekin. Ziberbullingaren arriskua zenbaterainokoa den eta arazoa lehenbailehen identifikatu eta aurre egiteko beharra azpimarratuko dute Aitziber Errazkin, Ander Lacalle, Ainhoa Larrañaga, Ainhoa Azpitarte eta Itziar Urretabizkaiak, besteak beste.

Publiko gazteari zuzendutako bideoak dira, baina senide eta irakasleengana heltzeko helburua dute baita ere, familietan eta ikasgeletan arazoa lantzen laguntzeko. Bideoak martxoaren 21etik aurrera egongo dira eskuragarri, eta Youtubeko kanalean ere ikusi ahal izango dira.

Halaber, webguneak EITBko hedabideetan ziberbullingari buruz sortzen diren eduki berezi guztiak bilduko ditu, eta sare sozialetan gai nabarmenenak zabaldu eta jorratuko dira #martyhilda eta #EKIN_etenZiberbullinga traolen bidez.

Eduki guztiak webgune berezi hauetan daude ikusgai:

eitb.eus/ekinetenziberbullinga

eitb.eus/martyhilda