EITB TALDEA
Sari banaketa
"Ur Handitan. Palestina, gatazka amaigabea" eta "Zurrunbiloa", Rikardo Arregi sarietako finalistak
EITB
Andoaingo Bastero kultur aretoan 19:00etatik aurrera egingo den ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da eus-en, streaming bidez.
-
Rikardo Arregi sariak 2025
Rikardo Arregi Kazetaritza sarien banaketa-ekitaldia egingo da gaur arratsaldean, Andoaingo Bastero kultur aretoan. Bertan, bi sari nagusi emango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria, eta bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak.
Kazetaritza sarien finalisten artean dago "Ur Handitan. Palestina, gatazka amaigabea".
Hamasen atentatu lazgarrien eta Gazako sarraskiaren hasieraren urteurrenean, Xabier Madariaga kazetariak Jerusalemen egindako bidaia kontatzen du erreportajeak; orain dela 20 urte elkarrizketatutako pertsonek egoera nola aldatu den azaltzen diote, Palestina eta Israel arteko gatazka ardatz izanda. Horrez gain, gatazkan hildako Ivan Illarramendi euskal herritarraren anaiarekin, Ander Illarramendirekin, izandako solasaldia biltzen du.
Bestalde, Komunikazio sarirako izendatuta dago "Zurrunbiloa", Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sorturiko proiektua, ETB1en emititu zen eta PRIMERAN plataforman ikusgai dago.
Horrez gain, ohorezko goladora jasoko du Jakoba Errekondok, landareei eta baratzeari buruz hedabide ezberdinetan egiten duen dibulgazio lanagatik. Hain zuzen ere, Euskadi Irratian ekin zion lan horri duela urte asko, eta gaur egun larunbatero ematen den "Landaberri" saioko kolaboratzailea da.
Andoaingo Bastero kultur aretoan 19:00etatik aurrera egingo den ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, streaming bidez.

