Itxi

EITB TALDEA

Heriotza

Josu Zubiaur EiTBren lehen zuzendari nagusia zendu da

EiTB

Aste honetan hil den Josu Zubiaur EiTBren Zuzendari Nagusi izandakoaren senide eta lagunei atsekabea agertu nahi die EiTBk.

  • EiTBren zuzendari nagusiak

    EiTBren zuzendari nagusiak

Josu Zubiaurrek, Gizarte Komunikabideetako sailburuordea zenean, jarri zuen martxan EiTB 1982. urtean. Ramon Labayenen eta Carlos Garaikoetxearen esanetara lan egin zuen, hutsetik hasita, telebistaren egoitza eraiki eta talde profesionala abian jartzen. Sei hilabete baino ez zituen behar izan.

Jose Maria Macua Bizkaiko ahaldun nagusiak aurreikusitako lur sailean, Durangon, eraiki zen EiTBren egoitza. Bere bizitzako erronkarik garrantzitsuena izango zena gauzatu zuen modu eraginkorrean. Horretarako, erakundeetako ordezkarien eta profesional handien laguntza izan zuen. Guztiek ere, euskal autogobernuaren oinarriak finkatzeko helburua zuten.

Joxe Mari Oterminek eta Jose Ramon Diez Unzuetak idatzitako EiTB 1982-2007. Hegaldi Kronika liburuan kontatzen den legez,  «Hamburgen telebistaren oinarrian ikasten ibilitako berrogei kideen eta Lakuako sotoetan euren trebetasunak garatzen aritutako hautagaien laguntzarekin, Josu  Zubiaurrek aurrera eraman zuen Iurretan eraikinak ziztu bizian eraikitzeko zeregina, sei hilabetean buru-belarri arituta».

Ekintzaile sutsua, negoziatzaile ziurra eta egoera zailetan kokiltzen ez zen gizona izan zen Zubiaur hasiera gogor haietan. Bere ekimen eta garra oso garrantzitsuak izan ziren Euskal Irrati Telebistaren hastapenetan, eta bere lana, ezinbestekoa, EiTBren historian.

Lerro hauen bitartez, Euskal Irrati Telebistak urte gogor haietako lana aitortu eta bihotzez eskertu nahi dio Josu Zubiaurri, eta Josuren senide eta lagunei doluminak ematen dizkie.