Itxi

EITB TALDEA

Martxoak 8

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan eduki eta jarraipen berezia, EiTBn

EITB

Saio eta tarte bereziak izango dira ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta eitb.eus-en aste honetan.

  • 2018ko martxoaren 8ko manifestazioa, Donostian

    2018ko martxoaren 8ko manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE

Martxoaren 8an izango den Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan eduki bereziak landuko ditu EiTBk. Komunikazio taldeko hedabideek (ETBK, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek) saio eta jarraipen berezia prestatu duten M8aren inguruan.

ETBn, berdintasunaren borroka hainbat ikuspegitatik eta formatu ezberdinetan

Astelehen honetan, esaterako, 'Euskal Zinea' saioan Nagore filma emango da; Nagore Laffageren heriotza bortitzaren gainean Helena Tabernak zuzendutako dokumentala. Zinemarekin jarraituz, astearteko 'La Noche de…' saioak ere emakumeak izango ditu ahotan: besteak beste, Hollywoodeko hasierako garaietan matxismoaren aurka ahotsa altxatu zuten emakumeen berri emango du.

Egun horretan bertan, ordutegi nagusian, Xabier Madariagaren 'Ur Handitan' saioak Munduko emakumeak Euskal Herrian izenburupean, emakume etorkinei buruzko atala prestatu du. Osteguneko 'Gure Kasa' saioak, halaber, ostiraleko grebaz, emakumeen egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteko honako gonbidatuak izango ditu platoan: Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner idazlea, Ane Etxezarreta Realeko jokalaria, Maider Mendizabal pilotaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Igandean, bestalde, Las 11 de Bilbao erreportajea eskainiko du '360º' saioan. Abortatu zutela onartu zuten lehen emakumeen inguruko erreportajea aurkeztuko du Eider Hurtadok.

'Ahoz Aho', 'Está Pasando' eta 'En Jake' aktualitate saioetan eta 'Qué Me Estás Contando' magazinean ikuspuntu sozial eta politikotik begiratuta hainbat berri izango da aste guztian zehar gaiaren inguruan. Astearteko 'Ahoz Aho+' saioan, berriz, Saioa Martijak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria hartuko du.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan arretaz jarraituko dituzte M8aren inguruan deituta dauden mobilizazio eta hitzordu guztiak, eta eduki bereziak izango dituzte berdintasunaren inguruko borrokarekin lotuta.

Berebat, aste guztian 'Atrápame si Puedes' lehiaketak sei belaunalditako sei emakume izango ditu nor baino nor gehiago.

Haur programazioari dagokionez, aste guztian ETB3ko '3txulo' eta '3zpa4'ko atalen helburua genero berdintasunaren inguruan ohartaraztea da. Halaber, emakumeak protagonista dituzten marrazki bizidunak ('Pippi Galtzaluze', 'Olivia', 'Rita eta Krokodiloa', 'Maya Erlea', 'Spirit', 'Doremi'…) tarte nabarmena izango dute martxoaren 8, 9 eta 10ean. Gainera, asteburuan Nur eta Herensugearen Tenplua eta Teresa eta galtzagorri filmak izango dira ikusgai.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gazteako ekimen eta jarraipena

Joan den astean hasi ziren EiTB taldeko irratiak Emakumeen Egunaren gaia jorratuz bere irratsaioetan, eta azken txanpan, areagotu egingo da gaiari eskainiko tartea.

Euskadi Irratian, ostegunean, erakundeen txanda izango da, Izaskun Landaida Emakundeko burua eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Sailaren arduradun bat izango dituzte 'Faktoria'n. Ostiralean bertan, greba egunaren eta antolatutako mobilizazioen berri emango da albistegi zerbitzuetan.

Larunbatean, grebaren biharamunean, 'Amarauna'k egunak utzitako argazkia osatuko du, argazki horien atzean dagoena aztertu eta horren gainean hausnartzeko aukera emanda.

Radio Euskadin, ostegunean. emakumeen presentzia handia den esparruetan lanean ari diren emakumeak eta euren bizipenak azalduko dituzte. Horretaz gain, hainbat belaunaldietako emakumeen arteko elkarrizketa bat ere osatuko dute, amona eta bilobak aurrez aurre jarrita, bakoitzaren bizipenak alderatu ahal ditzaten. Ostiralean, grebaren azken ordua jarraituko dute albiste zerbitzuek.

Radio Vitoriaren kasuan, ostegunean, Arabako Emakumeen Asanbladako ordezkariekin ariko dira 'Radio Vitoria Gaur' saioan. Orain arte Gasteizko Udaleko Berdintasun Saileko zuzendari izandako Zuriñe Elorduiri egingo diote elkarrizketa, egun Emakundeko idazkari nagusi denari, eta gaiaren ikuspuntu interesgarria eskaini dezakeelako. Magazinean, bestalde, aste osoan, egunez egun, esparru desberdin batean ari den emakume bat izango da protagonista. 'Aldapeko' saioan, emakumeek ekoiztutako musikari tarte berezia eskainiko diote aste osoan zehar.

Gazteak manifestu bat prestatu du martxoaren 8rako. Irratiko kolaboratzaileez gain, hainbat musikari ezagunek bat egin dute agiri horrekin. Astean zehar, sareetan zabaldu da bideo itxuran eta zer esana emango du, bai mamiarengatik, bai bertan parte hartu duten lagunengatik ere.

eitb.eus-en, M8ari tarte handia

eitb.eus webgunean Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan eduki bereziak izango dira. Berdintasunari buruzko erreportaje eta elkarrizketekin batera, M8ko ekitaldiak bilduko dira. Irratian eta telebistan landutako gai guztiak ere eskueran izango dira. Hori guztia, sare sozialetan zabaltzeaz gainera, playlist bat argitaratuko dute EiTB Nahieranen.