Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBk bat egin du klima-aldaketaren aurkako Gasteizko Udalaren itunarekin

EITB Media

Urko Aristi EITB Media Irratiko zuzendariak sinatu du akordioa, Arabako hiriburuko gainerako komunikabideetako ordezkariekin batera, Madrilen egiten ari den Ingurumenaren Biltzar Nazionalean.

  • Gorka Urtaran eta Urko Aristi Gasteizko Udalak bultzatutako Klimaren aldeko Ituna sinatzen

    Gorka Urtaran eta Urko Aristi Gasteizko Udalak bultzatutako Klimaren aldeko Ituna sinatzen

EITBk Gasteizko Udalak bultzatutako Klimaren aldeko Ituna sinatu du gaur, ekainak 2, Arabako hiriburuko beste hedabide batzuekin batera. Akordioa izenpetzeko ekitaldia Madrilen egin da, Ingurumenaren Biltzar Nazionalean (CONAMA)Urko Aristi EITB Media Irratiko zuzendaria joan da bertara EITBren izenean. 

Gasteizko Udala klima-aldaketaren kontra sentsibilizatzeko egiten ari den "Energia % 100 herritarra" kanpainaren eta Vitoria-Gasteiz Green Deal hitzarmeneko ekintzen harira sortu da itun hau. EITB Media Taldearekin batera akordioa sinatu duten komunikabideak hauek dira: El Correo, Diario de Noticias de Alava, Gasteiz Hoy, RTVE, Cadena Ser, Atresmedia Euskadi, Agencia EFE, Radio Gorbea, COPE, Onda Vasca, elDiario, Cronica Vasca eta Alea

Horiek guztiek honako konpromisoak hartu dituzte: klima-aldaketari buruzko informazioa etengabe sustatzea; arazoa justizia klimatikoaren ikuspegitik sustatzea; herritarrek hasitako edo zuzendutako ekimenak zabaltzea; kazetaritza kritiko eta independentea defendatzea; haien lan didaktikoa bultzatzea, herritar guztiek klima-aldaketa uler dezaten, eta klima-aldaketarekin zerikusia duten informazio guztietan zorroztasuna eta kontrastea sustatzea. 

CONAMA iraunkortasunari eta ingurumen-politikei buruzko topaketa nagusia da, eta 1.200 aditu baino gehiago bildu ditu aurten Madrilen. Gasteiz erreferentea da beste hiri eta erakunde batzuek ingurumen-politikak diseinatu behar dituztenean. Beraz, berriro baliatu du aukera estrategia jasangarriak proiektatzeko. 

Udalaren eta hiriko komunikabideen arteko Klimaren aldeko Ituna sinatzeaz gain, kongresuak saio berezia hartu du Gasteizko Green Deal hitzarmena hainbat ikuspegitatik garatzen ari diren adituekin. Gainera, Gorka Urtaran alkateak hiri eredua partekatu du Madril, Zaragoza eta Valladolideko alkateekin eta Bartzelonako Diputazioko Ekintza Klimatikoa Saileko arduradun nagusiarekin, 'Hirietan nahi dugun berroneratzea' izeneko topaketan. 

EITB, ingurumenarekin konprometituta 

EITBk ingurumenarekiko konpromiso sendoa erakutsi du beti. Ingurumen Hobekuntzarako Plana du, eta bertan helburuak eta garatu beharreko ekintzak jasotzen dira, besteak beste, herritarrak kontzientziatzea. Horri dagokionez, 2019an, EITBk klima-aldaketaren inguruko adierazpena sinatu zuen hainbat komunikabiderekin batera, kazetaritza-jarduna hobetzen eta hedabideek fenomeno horren aurrean duten funtzio soziala betetzen laguntzeko.