Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITBk eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak lankidetza harremanak estutu dituzte

EITB Media

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak lankidetza hitzarmena berritu dute, UIK ikastaroak zabaldu eta sustatzeko.

  • Itziar Alkorta eta Maite Goñi

    Itziar Alkorta eta Maite Goñi. Argazkia: UIK

EITBk eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, ekainak 16, UPV/EHUko Uda Ikastaroak ekimenaren 41. edizioko UIK ikastaroak zein urtean zehar Fundazioak antolatzen dituen gainerako jarduerak zabaldu eta sustatzeko, tartean Donostia Sustainability Forum izeneko hitzordua.

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak berritu dute akordioa, Donostiako Miramar Jauregian egin den ekitaldian. Izenpetutako itunari jarraituz, EITBko medioek Ezagutzaren alde lelopean egingo diren 41. edizio honetako ikastaroen berri emango dute. Zehazki, 150 proposamen baino gehiago izango dira ekainetik irailera bitartean, eta zortzi erronka nagusi izango dituzte ardatz: gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, jasangarritasuna, hezkuntza eta euskal kultura. Ukrainako gerraren eta pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere zeharkako gaiak izango dira edizio honetan.

Bai Maite Goñik eta baita Itziar Alkortak ere lankidetzaren balorazio positiboa egin dute. Hala, Maite Goñik aliantza honen garrantzia azpimarratu du, eta ikastaroen izen ona eta euskal kulturari egindako ekarria goraipatu ditu. Ildo honetan, 2022ko programazioaren ardatz diren zortzi erronken garrantzia nabarmendu du, tartean berdintasuna, osasun mentala, jasangarritasuna edo euskal kultura; eta, horri lotuta, gizartearen eragile eraldatzaile gisa inplikatzeko EITBren konpromisoa ere gogoratu du. Maite Goñik gogora ekarri du, ikus-entzunezko euskal talde publiko gisa eta zerbitzu publikoko izaerari jarraituz, EITBren helburua dela informazioa, entretenimendua eta prestakuntza ematea, euskal gizartearen eskaera, behar eta berezitasun sozial, kultural eta linguistikoei erantzuna emanez, pentsamolde ireki eta eraldatzaile batetik. EITBk eragile aglutinatzailea izan nahi du, gizartearen ekimenei babesa emanez, kasu honetan hezkuntza eta formazioaren alorrean ere, Maite Goñik gaineratu duenez.

Itziar Alkortak, berriz, EITB taldearekin lankidetzan aritzearen garrantzi estrategikoa azpimarratu du, UPV/EHUko Udako Ikastaroen eragina gehitu eta gizartera iritsi ahal izateko. Ikastaroak unibertsitate-hedapenerako programa gisa sortu ziren, eta 40 urte baino gehiagoz Unibertsitateak gizartean sortutako ezagutza zabaltzen lagundu dute. Gaur egun, misio hori are erabakigarriagoa da desinformazioaren eta manipulazio informatiboaren munduan, eta horregatik jarri behar dugu ezagutzaren alde, Alkortak azpimarratu duenez. Bigarrenik, zuzendariak Komunikazio Taldea 40. urteurrenarengatik zoriondu nahi izan du. "Zalantzarik gabe, EITB duela 40 urte Herriaren instituzionalizazioaren funtsezko zutabea izan zen, eta gaur egun funtzio egituratzaile hori betetzen jarraitzen du, zorroztasunetik eta profesionaltasunetik abiatuta, euskal gizartearen mesedetan", adierazi du.

Jarraipen zabala telebistan, irratian eta Interneten

Beste behin ere, EITBren medioek tarte zabala eskainiko diote UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren jardunaldi eta ekimenei. Hala, ETBk albistegi eta gainontzeko aktualitate saioetan ikastaroei egunero eskainiko dien arretaz gain, Radio Euskadik ordu erdiko irratsaioa plazaratuko du astelehenetik ostiralera; larunbatetan, gainera, asteko laburpena ere izango da entzungai. Euskadi Irratian, berriz, ikastaroei buruzko hamar minutuko tartea izango da egunero.

Horrez gainera, eitb.eus webguneak streaming bidez eskainiko ditu UIKen hainbat hitzaldi zientifiko, Kosmos atalean, eta bertan izango dira ikusgai zientziaren inguruko hainbat solasaldi eta jardunaldi. Halaber, hitzordu horietako batzuk EITBren YouTube kanalean eta EITBren aplikazioetan jarraitu ahalko dira.

EITBren 40. urteurrenari aitortza, uztailaren 22an

EITBk berak ere ikusgarritasuna izango du aurtengo UPV/EHUko Udako Ikastaroetan. Izan ere, Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40 izeneko ikastaroa egingo baita uztailaren 22an, 40. urteurrenaren harira. Hiru gai nagusi jorratuko ditu. Lehenik, Europa mailako gogoeta egingo dute, 2030 urtera begira, ikus-entzunezko (irrati, telebista, Internet) hedabideen konbergentzia, eraldaketa, eta gizarte-eragina aztertuko dute. Bigarrenez, Europako hizkuntz gutxituetako irrati eta telebisten erronka eta estrategien inguruan arituko dira. Azkenik, zerbitzu publiko modura, Euskal Irrati Telebistaren (EITB) garrantziaz hitz egingo dute –lehen, orain eta etorkizunean– eta 2022an duen 40. urteurrenaren inguruan gogoeta egingo dute.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak hartuko dute parte bertan.