Itxi

EITB TALDEA

Udako programazioa

Uda giroan murgilduko dira EITB Taldeko irratiak

EITB Media

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak arreta berezia eskainiko diete gure herri eta hirietako gizarte, kultur eta jai egitarauari, aktualitatea ahaztu gabe. Gainera, urtero bezala, kirolak tarte garrantzitsua izango du irratien programazio eskaintzan.

  • Uda giroan murgilduko dira EITB Taldeko irratiak

    Uda giroan murgilduko dira EITB Taldeko irratiak

Herritarrek bezala, EITB Taldeko irratiek ere gogotsu hartuko dute aurtengo uda. Gure herri eta hiriek gizarte, kultur eta jai egitarau betea izango dute berriz ere, eta jendez beteko dira kale eta bazterrak. Ekimen horiei guztiei eskainiko diete arreta EITB ikus-entzunezko taldeko irratiek, aktualitatea ahaztu gabe. Gainera, urtero bezala, kirolak tarte garrantzitsua izango du irratien programazio eskaintzan.  

Hori guztia, irratietan ez ezik, EITBko kanal ezberdinetan izango da entzugai, eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan. Halaber, EITBPodcast plataformak ere eduki eskaintza zabala izango du udan gozatzeko. 

Euskadi Irratia 

Euskadi Irratiak uztailaren 4tik aurrera ekingo dio udako programazioari, mailaka-mailaka. "Faktoria"n Eider Bilbaok eta Oihane Yustosek jarriko gaituzte jakinaren gainean. Albisteak, analisia eta hizketa gaiak, eguna ondo hasteko. Ahots eta gai berriak aktualitateari tamaina hartzeko eta arreta berezia EHUren Uda Ikastaroek eskaintzen dutenari. 

10:00etatik aurrera, Ainhoa Urretabizkaiak eta Itziar Alduntzinek hartuko dute txanda eta eguerdira arte konpainia egingo digute. "Faktoria" jostaria, azken urteotako udarik bizienean. Arreta berezia jarriko diete herri eta hiriburuetako festei, aktualitatearen haria galdu gabe. 

Arratsaldetan, Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra zuzenean kontatuko dituzte, eta txirrindularien atzetik iritsiko da "Baipasa", Lierni Ibargutxik gidatuta, arratsaldeko 19:00ak arte. Aktualitatearen B aldea, bitxikeriak eta musika zuzenean. 

Euskadi Irratiko udako saioak ere itzuliko dira: izen bereko pertsonak binaka elkartuko dituen "Beste Ni" saioa, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren eskutik, eta Ekain Perezen "Lore Hostoak" musika saioa, besteak-beste. 

Kirolak protagonismo berezia izango du aurtengo udan ere: txirrindularitza itzuli nagusiez gain, estropadak kontatuko dituzte zuzenean, "Idoloak" kirolariei egindako elkarrizketa saila eskainiko dute eta arraun munduaz jakin beharreko guztia kontatuko digu Manu Maritxalarrek asteburuaren bueltan, ostiraletik astelehenera, "Tostartean" saioan.

Radio Euskadi 

Radio Euskadik bi saio berri estreinatuko ditu uda honetan: alde batetik, arraun denboraldiari eskainitako "Azken Txanpa", igandero 20:15-21:00 bitartean entzungai izango dena; bestetik, Joseba Martin musika adituak gidatuko duen "Nada Original", musika eta zinema munduan jatorrizko edukia oinarri hartuta sortu diren adaptazio, bertsio, remix, lehen maketak, remakeak eta zuzeneko emanaldiak eskainiko dituena, arratsaldero. 

Abuztuan, "Entre Calles" magazina itzuliko da eta Radio Euskadik eta Radio Vitoriak aldi berean eskainiko dute egunero, 11:00etatik 13:00etara. Asteburuko "Más Que  Palabras"  magazina ere bi kanaletan izango da entzungai. 

Ohiko saioak programazioan mantenduko dira, baina aldaketa batzuekin. "Ganbara" albistegiak 20:00etara aurreratuko du hasiera ordua, 22:00ak arte. Gainera, Radio Euskadik arraun denboraldiari jarraipen berezia eskainiko dio, emakumeen zein gizonezkoen estropadak zuzenean eskainiz. Txirrindularitza lasterketa garrantzitsuenak, Tourra eta Vuelta, besteak beste, eta udako pilota jaialdi nagusiak ere zuzenean izango dira entzungai. 

Bestalde, UPV/EHUko udako ikastaroak gertutik jarraituko dituzte. 

Radio Vitoria 

Arabako irratiaren programazioak ohiko egitura izango du. Azken urteetan bezala, "Radio Vitoria Gaur" magazinak atseden hartuko du abuztuan, eta "Entre Calles" irratsaioa egingo dute Radio Euskadirekin elkarlanean. Asteburuetako "MQP" saioa ere entzungai izango da Radio Vitorian. Bestalde, pandemiaren ostean indartsu itzuliko diren Gasteizko Jazzaldia eta Andre Maria Zuriaren jaiak izango dituzte arretagune nagusi, baita Ironman proba eta herrietako jaiak ere, besteak beste. 

Gaztea 

Udako goizak ohiko giro alaiarekin igaroko ditu Gazteak, baina jarrera freskoagoarekin, "Dida Fresh"en eskutik. Hondartzetara irteerak egingo dituzte uda osoan zehar, eta, ekainaren 27an, denboraldi hasiera Sopelako hondartzatik egingo dute. Hurrengo astean Iruñera joango dira, sanferminetako txupinazoa zuzenean ematera, 10:00etatik 13:00etara. 

BBK Live jaialdiari jarraipen berezia egingo diote, kontzertu gehienak streaming bidez eskainiz eta sare sozialetan elkarrizketak eginez. Halaber, saio bereziak egingo dituzte jaialdiaren esparrutik bertatik 19:00-20:00 bitartean. 

Irratiaz haratago, Gazteak presentzia izango du Euskal Herriko hiriburuetako jai nagusietan. Sanferminetan Oihan Vegak Gaztelu Plazako giroa berotuko du uztailaren 10ean eta Bilboko zein Gasteizko festetan kontzertu nagusietako batzuk Gaztearen esku joango dira.