Itxi

EITB TALDEA

Laugarren edizioa

2022ko UniTalent-EITB sariak esleitu ditu EITBk gazteen ikus-entzunezko talentua sustatzeko

EITB Media

Ordaindutako prestakuntza-beka gisa gauzatzen dira sariak, eta unibertsitateko talentua bereganatzen eta sustatzen saiatzen dira, hautatutako ikasleak talde profesionaletan integratuz.

  • UniTalent-EITB Sariak.

    UniTalent-EITB Sariak. EITB Media

EITBk 2022ko UniTalent-EITB sariak esleitu berri ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko bederatzi ikasle izan dira irabazleak. Elena Barrutia, Astrid Carranza, Oihane Corpion, Ainara Irurieta, Garazi Karrera, Maider Legazpi, Oier Romatet, Garazi San Martin eta Iñaki Serrano ikasleek jasoko dute sorkuntzarako eta prestakuntzarako aukera hau, EITBk euskal talentu gazteen identifikazioaren eta garapenaren alde martxan jarri dituen UniTalent-EITB sariei esker.

Euskal unibertsitateetako Komunikazioko eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduetako 31 ikaslek parte hartu dute, eta, guztira, 57 proiektu aurkeztu dira, oinarrietan zehaztutako hiru kategoria edo generoei dagozkienak: entretenimendua, fikzioa eta factual edo dokumentalak.

Eskarmentu handiko EITBko profesionalek osatutako epaimahaiak erabaki ditu proiektu irabazleak, horien artean honako hauek: Itziar Azpeitia, EITBko Proiektu Berezietako arloburua eta UniTalent-EITB ekimenaren zuzendaria; Gorka García, ETBko Programa eta Arte zuzendaria; Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendaria; eta Jon Lamarka, EITB Lab-eko zuzendaria. "Aurtengoan ere, ikasleek euren proiektuen bidez azaldu duten talentua eta sormen maila altua", azpimarratu dute epaimahaikideek.

2018. urtean sortu ziren UniTalent sariak eta EITBk zerbitzu publikoko erakunde gisa duen funtsari erantzuten diote. Alde batetik, unibertsitateekin, ikus-entzunezkoen euskal sektorearekin eta gazteekin duen konpromisoa sendotzen dute. Bestetik, EITBren jarduera-eremuarekin lotutako arloetan talentua identifikatzen, sustatzen eta garatzen laguntzen dute. 

Ekimena bi ikasturtetan zehar gauzatzen da. Lehen ikasturtean, proiektuen prestakuntza, aurkezpena eta aukeraketa gauzatzen da; eta, hurrengo urtean, sarituek talde profesionaletan integratzeko aukera izango dute ordaindutako prestakuntza beken bidez. EITBren ekimen honek unibertsitatearen alorreko prestakuntza eta formazio zehatza uztartzen ditu, saritutako ikasleak sektore profesionalean murgildu daitezen. Prozesu osoa elkarlanean egiten dute EITBk, unibertsitateak eta ekoiztetxeek. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta ikus-entzunezkoen euskal sektoreko hainbat enpresak hartzen dute parte egitasmo honetan.

UniTalent-EITB sarien helburua telebistako programen edo formatuen proiektuen diseinua eta garapena sustatzea da. Ordaindutako prestakuntza-beka gisa gauzatzen dira sariak, eta unibertsitateko talentua bereganatzen eta sustatzen saiatzen dira, hautatutako ikasleak talde profesionaletan integratuz. Horri esker, hainbat motatako telebista-saioak sortzeko eta ekoizteko prozesua bertatik bertara ezagutu dezakete, prozesu horietan zuzenean parte hartuz.

Inplikatutako erakundeak -unibertsitateak eta EITB- eta saritutako ikasleak eta hauek praktiketan hartzen dituzten enpresak oso pozik agertu dira EITBren ekimen honen orain arteko ibilbidearekin.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB