Itxi

EITB TALDEA

Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Aste Nagusiari jarraipen berezia EITBn

EITB Media

Jaien hasierako Artillero ekitaldia eta, gauero, su artifizialak eskainiko dira zuzenean. Gainera, "Lau Teilatu" saio berezia eta 45. Txistulari Kontzertu Nagusia izango dira ikusgai. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere jaien egitaraua gertutik jarraituko dute.

  • Jaiei hasiera eman dien Artillero ekitaldiaren irudia.

    Jaiei hasiera eman dien Artillero ekitaldiaren irudia.

Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute EITBko hedabideek abuztuaren 13tik 20ra. Jaien hasierako Artillero ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da telebistan, irratian eta Interneten, eta horrez gain, ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte su artifizialak, gauero.

Julian Iantzik aurkeztuta, ETB1eko "Edozein Herriko.." saioa Donostian izango da eta jaien azken ordua bilduko du hainbat gonbidatu berezirekin. Musika emanaldiak ere ez dira faltako: "Lau Teilatu" saio bereziak Bulego taldearen kontzertu ikusgarria eskainiko du igandean, abuztuaren 14an; eta 45. Txistulari Kontzertu Nagusia datorren larunbatean, abuztuak 20, izango da ikusgai.

Artillero 2022

Jaien hasierako kanoikada zuzenean jarraitu ahal izango da ETB2n eta eitb.eus-en Donostiako Udaletxeko terrazatik arratsaldeko 18:30etik aurrera. Aurkezle lanetan, Aunitz Alberdi eta Juan Terol arituko dira, eta Egoitz Txurrukak erreportajeak eta elkarrizketak egingo ditu bertan bilduko diren gonbidatu eta protagonistekin.

Horien artean, Elias Arruabarrena Artillero Nagusia, Onintza Mokoroa 2019ko Artillera Nagusia, Félix Martinez Unión Artesanako presidetea eta Iñigo Garcia Garbi Itzurun Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsako kidea elkarrizketatuko ditu. Gainera, Jesus Cisneros aktore eta produktorearekin Donostiako Antzoki Zaharrean ikusgai dagoen La curva de la Felicidad antzezlanaren inguruan arituko da, eta Oihan Vega Gazteako DJarekin eta Lorea Intxausti "Go!azen" telesaileko aktorearekin egunean bertan Boulevardean ospatuko den Holi Fest ekitaldiaz hitz egingo du.

Aunitz Alberdik, bere aldetik, Eneko Goia Donostiako alkatea elkarrizketatuko du.

"Edozein Herriko…" eta su artifizialak zuzenean

Gauero, Donostiako 57. Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako erakustaldiak eskainiko dira zuzenean 22:30etik aurrera. Julian Iantzik Izaro Iraeta izango du lagun suen emanaldiaren kontakizunean, eta hainbat gonbidatu izango dituzte aste osoan zehar.

Bestalde, astelehenetik ostegunera, Julian Iantzik gidatzen duen "Edozein Herriko…" saioa Donostiatik egingo dute zuzenean 21:30ean. Jaien inguruko azken ordua eta asteko jai-egitaraua gertutik jarraituko dute erreportaje bereziekin, elkarrizketekin eta gonbidatuekin.

"Lau Teilatu: Bulego" eta "45. Txistulari Kontzertu Nagusia"

Igande gauean, abuztuak 14, "Lau Teilatu" saioaren atal berri bat izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 21:45ean. Ilaski Serranok gidatuta, Bulego taldeak Donostiako San Bartolomeko Muinoako terrazan kontzertu zoragarria eskainiko du. Tomas Lizarazu (ahotsa), Itziar Beita (teklak), Jon Larrañaga (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra) eta Xabier Arrieta (bateria) musikariek osatzen dute Bulego taldea eta pop estiloko musika egiten dute. Une oro euren jarraitzaileak harritu nahi dituzte, eta xede hori lortuko dute ETBk eskainiko duen kontzertuarekin, ikuskizun ederra eskainiko baitute.

Bestalde, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, abuztuaren 13an Donostiako Konstituzio plazan ikusgai izango den 45. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek hurrengo larunbatean, abuztuaren 20an, 21:30ean. Euskal Herri osotik etorritako 80 bat txistularik euskal dantzak eta abesti herrikoiak eskainiko dituzte, abesbatza eta dantza talde ezberdinekin batera.

Jarraipena Euskadi Irratian eta Radio Euskadin

Bai Euskadi Irratian, bai Radio Euskadin, zuzenean eskainiko dute jaien hasierako kanoikada, eta asteburuko saio eta albistegietan jaien lehen orduen jarraipena egingo dute.

Halaber, astean zehar, Euskadi Irratiko "Faktoria"k eta Radio Euskadiko "Boulevard" saioak, goizero, gertutik jarraituko dute Aste Nagusiko egitaraua eta jaiek ematen dutena. Besteak beste, astelehenean, Eneko Goia alkatea izango da gonbidatu "Boulevard"en.