Itxi

EITB TALDEA

Sariak

"Aske Bizi" dokumentala eta "Biba Zuek!" saioa, Rikardo Arregi sarirako finalistak

EITB Media

XXXIV. edizioko Kazetaritza sarirako hautagaiak dira biak ala biak. Irabazleen izenak azaroaren 30ean emango dira ezagutzera Andoaingo Bastero kulturgunean egingo den ekitaldian.

  • Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia

    Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia. Argazkia: EITB Media

Rikardo Arregi sarien aurtengo finalistak eman ditu jakitera Andoaingo Udalak, eta EITBko bi ekoizpen Kazetaritza sarirako finalista dira: LGTBIQ+ kolektiboaren egoera aztertzen duen "Aske Bizi" dokumentala, eta Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatzen duten "Biba Zuek!" magazina.

Orain hiru urte hasitako bideari jarraituz, Rikardo Arregi sarien XXXIV. edizioak bi sari nagusi emango ditu: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bakoitzerako lau finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta irabazle bakoitzak 9.000 euro eramango ditu. Azaroaren 30ean Bastero kulturgunean egingo da sari banaketa.

"Aske Bizi" dokumentala

"Aske Bizi" dokumentala joan den ekainaren 21ean emititu zen ETB1en, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, #EKIN_aniztasuna kanpainaren eskutik. Bertan, LGTBIQ+ kolektiboko kideen bizipen eta adierazpenak bildu zituen Xabier Madariaga kazetariak. Norberaren sexu izaeraz, erreferenteen garrantziaz, egungo gizartearen ikuspegiaz, maskulinitate ezberdinez, norbanako eta kolektiboaren ibilbideez, zein beraien harrotasunaz hitz egin zuen protagonistekin.

'Aske Bizi' dokumentaleko irudia

'Aske Bizi' dokumentaleko irudia

Epaimahaiaren esanetan, Xabier Madariagak, kontu handiz, galdera zuzenak baina errespetuzkoak egin zizkien gonbidatuei. "Patologizatu eta ahoan bilorik gabe aipatzen da hemen EHko LGBTIQ+ mundua, lekukoak aurkitzeko zailtasunak eta gai horiez mintzatzeko beldurrak gaindituz", gaineratu dute.

"Biba Zuek!" ETB1eko arratsaldetako magazina 

"Biba Zuek!" saioari buruz, zera esan du epaimahaiak: "2020ko irailean hasi zen, eta lehen denboraldiko arrakastaren ondotik, 2021eko udazkenetik 2022ko uda bitartean (sariketa honi dagokion epean) bigarren denboraldian telebistako programazioaren mundu konplexu eta aldakorrean egonkortzea lortu du".

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkezten duten magazinaren gertutasuna azpimarratu dute, halaber. "Gaietan, tonuan, testigantzetan, kolaboratzaileen ekarpenetan… egunero nabarmentzen da hurbiltasun hori". Herritar arruntari interesgarri eta atsegin zaizkion edukiak "etxerako moduan" eskaintzen dizkiola aipatu dute. "Morbotik eta aktualitateko ohiko eztabaida nagusietatik ihes eginda, Euskal Herriko aniztasuna, lurraldetasuna, kultura eta abarrak mimoz zainduta ontzen dute saioa", gaineratu dute.

Bi ohorezko mugarri

Azaroaren 30eko sari banaketa ekitaldian ohorezko mugarri bana emango dituzte: EITBn lankide izan genuen Elixabete Garmendiari, euskarazko kazetaritzan izandako ibilbideagatik, eta Patxi Baztarrikari, Rikardo Arregi sariarekin izan duen loturagatik.