Itxi

EITB TALDEA

Kirolak

EITBk arreta berezia eskainiko dio saskibaloiko Errege Kopari

EITB Media

EITBko kirol saioek eta Radio Vitoriak bereziki adi jarraituko diote Cazoo Baskonia talde arabarrak parte hartzen duen lehiaketa garrantzitsuari. Ostiraleko final laurdenetako norgehiagoka Joventut taldearen aurka zuzenean eskainiko da Radio Vitorian eta Radio Euskadin.

  • Saskibaloiko Errege Kopa EITBn eta bereziki Radio Vitorian

    Saskibaloiko Errege Kopa EITBn eta bereziki Radio Vitorian

Badalonan jokatuko den saskibaloiko Errege Kopari begira izango dira ostegunetik igandera bitartean EITBko kirol saioak eta bereziki Radio Vitoria. Txapelketa sei aldiz irabazita, zazpigarrena lortzen ahaleginduko den Cazoo Baskoniari jarraipena egitea izango dute helburu. Gasteiztarrek ostiralean ekingo diote lehiari Joventut taldearen aurka. Final laurdenetako norgehiagoka zuzenean eskainiko dute Radio Vitoriak eta Radio Euskadik 21:30etik aurrera.  

Duela aste batzuk hasi zen motorrak berotzen Ricardo Guerrak Radio Vitorian gidatzen duen "Supercanasta" irratsaioa. Sintonia berria estreinatu dute Mikel Sok artistaren eskutik, eta Errege Kopa ikustera joateko bi abonu bikoitz zozkatu dituzten entzuleen artean. Horretarako, sintoniaren bertsio bat bidaltzeko eskatu zaie, eta bideoa bidali duten lehenengo 100 lagunei hitzordurako propio egindako motxila oparitu diete. 

Datozen egunetan, "Supercanasta" saioan eta Radio Vitoriako programazioan oro har estaldura zabala egingo diote hitzordu garrantzitsuari, Badalonara joandako berriemaile bereziekin.  

Gasteizko taldeak aurrera egiten badu, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere zuzenean emango dituzte azken txanpako partidak. Halaber, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietako kirol tarteetan adi-adi jarraituko dute Badalonan gertatzen den guztia. 

Radio Vitoriako webgunean partida guztien kronikak, analisiak eta irudi onenak bilduko dituzte, Baskoniaren eta zaletuen inguruko informazio zabalarekin batera.

Aliantza

Hitzorduari zabalkundea emateaz gain, EITB Taldeak euskal kulturarekin eta kirolarekin duen konpromisoaren baitan, Baskoniaren Errege Kopako parte hartzea babestu du beste hainbat erakunderekin batera. EITB eta Radio Vitoriaren logoa Sutan lelopean zaletuentzat sortutako motxiletan ikusi dezakegu, besteak beste.  

'Sutan' leloa daramaten motxilak

'Sutan' leloa daramaten motxilak