Itxi

EITB TALDEA

EITB euskal kirolarekin

'Iribar, atezaina' dokumentala aurrestreinatu da Bilbon

EITB Media

Bilboko Sala BBKn egin den ekitaldian izan dira, protagonistarekin batera, erakundeetako, EITBko eta Athleticeko ordezkariak, baita kirol eta kultura arloko hainbat aurpegi ezagun ere.

0:00

Jose Angel Iribar Athleticeko atezain mitikoari buruzko dokumentala aurrestreinatu du EITBk asteartean (maiatzak 30), Bilboko Sala BBK aretoan. Aurten 80 urte bete ditu munduko atezainik onenetarikoak. Haren erretratu intimo eta sentitua egitearekin batera, hezur-haragizko pertsonarengan sakonduko du Iribar, atezaina ikus-entzunezkoak. 

Jose Angel Iribar

Jose Angel Iribar

Protagonista lagun, Athleticeko ordezkaritza zabala elkartuko da aurrestreinaldian: hala nola zuzendaritzako kideak eta talde nagusietako jokalariak. Horiekin batera, ikus-entzunezkoan ageri diren taldeko jokalari historikoak: Javier Clemente, Daniel Ruiz-Bazán, Peio Agirreoa eta Andoni Zubizarreta, besteak beste. 

Euskal Herrian zein kanpoan futbolaren ikono bihurtu zen Txopo Iribar ardatz duen lana aurkezteko ekitaldian egon dira, halaber, Ibone Bengoetxea EITBko zuzendari-kudeatzailea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Unai Rementeria jarduneko Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto jarduneko Bilboko alkatea. 

Baieztatutako gonbidatuen zerrendan egon dira, berebat, honako izen hauek: Javier Irureta, Andoni Goikoetxea, Patxi Ferreira eta Txato Núñez futbolari ohiak; Marino Lejarreta, Joane Somarriba eta Roberto Laiseka txirrindulari ohiak; Jon Maia bertsolaria, Gari abeslaria, La Otxoa eta Kepa Junkera, besteak beste. 

Iribar, atezaina 

FMK Filmak ekoiztetxeak EITBrentzat egindako lana Primeran plataforman estreinatuko da, eta gaiarekin lotutako bi podcast argitaratuko dira EITB Podkast atarian. 

Oier Plazak zuzendu du dokumentala, eta Garazi Velasco, Pedro Mari Goikoetxea eta Igor Salutregi izan dira gidoilariak; Eider Plaza eta Garazi Velasco aritu dira ekoizpen lanetan; Kerman Goikouria izan da irudi arduraduna, eta Daniel Asua soinuarena. Muntaia Mikel Exebarriak eta Hannot Mintegiak egin dute. 

Dokumentalean, Iribarrekin batera, Athleticen historiara pasa diren hainbat jokalarik hartu dute parte: hala nola, Javier Clemente, Julen Guerrero, Daniel Ruiz-Bazán, Peio Agirreoa eta Andoni Zubizarreta. Halaber, agertuko dira gaur egun Athleticen atezain diren Mariasun Quiñones, Unai Simon eta Alex Padilla. Horiekin batera, bi jokalari eta entrenatzaile ohi, Manolo Delgado eta Jorge Valdano. 

Bestalde, Benito Lertxundi abeslariaren, Jon Maia bertsolariaren, eta Estatu mailan kirol kazetaritzan aitzindari izan zen Sarita Estevez bilbotarraren testigantzak bildu dituzte, baita Zarautz Kirol Elkarteko eta Arrankudiagako Escalza peñako kideenak ere.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea