Itxi

EITB TALDEA

Arrakasta

Pello Sarasola saria irabazi du "Porno Belaunaldia" saioak, eta INPUT TV nazioarteko kongresuan hautatu dute

EITB MEDIA

Telebista autonomikoetako programarik onenaren saria lortu du EITBk koproduzitutako dokumental sailak. Gorka Garciak ETBko Programa eta Arte zuzendariak jaso du golardoa, FORTAk Sevillan egindako urteroko jardunaldian. Gainera, AEBko INPUT TV 2024 Kongresuan hautatua izan da dokuseriea.

  • Gorka Garciak ETBko Programa eta Arte zuzendariak jaso du golardoa

    Gorka Garciak ETBko Programa eta Arte zuzendariak jaso du golardoa.

Aste arrakastatsua dugu hau EITBren "Porno Belaunaldia/Generación Porno" dokumental sailarentzat: Pello Sarasola 2024 Saria irabazi berri du, eta nazioarteko telebista publikoei buruzko INPUT TV Kongresuan hautatu dute.

Hala, EITBk, TV3k eta SHINE IBERIA SL.k ekoitzitako dokusailak lortu du aurten telebista autonomikoetako programa onenaren Pello Sarasola saria. Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariak jaso du golardoa, FORTAK Sevillan antolatutako urteko jardunaldiaren baitan. Pello Sarasola sariaren helburua da autonomia erkidegoetako telebistetan ekoizten diren genero eta formatu ezberdinetako saioak nabarmentzea, gertutasuna, identitate autonomikoa eta bere lurralde eremuan duen eraginkortasun edo oihartzuna bezalako baloreak aintzat hartuta.

Gainera, aste honetan bertan, "Porno Belaunaldia" lana hautatu dute maiatzaren 5etik 9ra Charlestonen (Hego Carolina, AEB) egingo den INPUT TV 2024 Kongresuan parte hartzeko. Komunikabideetako sortzaileentzako urteroko hitzordua da, eta mundu osoko kate publikoetako bideo-ekoizpenak eta hedabide digitalak aurkezten dituzte bertan. Story telling in the public interest (interes publikoagatik istorioak kontatzea) da leloa, eta zerbitzu publikoko ekoizpen berrien eztabaida sakon eta profesionala du ardatz. EITB, beraz, presente egongo da aurten, "Porno Belaunaldia" saioaren eskutik.

Halaber, dokumental saila 2024ko ARFF Barcelona // International Awards sarietarako izendatu dute, Audience Awards kategorian. Hilabete honetan bertan banatuko dira sariok.

Lekukotasun eta testigantzen bitartez, nerabeen eta sexuaren eta pornografiaren arteko egungo harremana filtrorik gabe erakusten duen saioa da "Porno Belaunaldia".

Ikusgai dago PRIMERAN doako streaming plataforman eta EITB Nahieran-en.