Itxi

EITB TALDEA

Batzen gaituen berdintasuna

Emakumearen Nazioarteko Egunari babesa eta zabalkundea emango diete EITBko hedabideek

EITB Media

Martxoaren 8ak ematen duenaren inguruan berri emango da EITBko albistegi eta programetan zuzeneko, elkarrizketa eta eduki berezien bitartez. Gainera, M8rako EITBk sortutako ikus-entzunezko irudia ikusgai egongo da Bilboko egoitzako kanpoko pantailan eta ETBko emisioetan.

  • 'Batzen Gaituen Berdintasuna'

    'Batzen Gaituen Berdintasuna'

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EITB Taldeko hedabideek martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazio eta aldarrikapenak bertatik bertara jasoko dituzte. Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dituzte Euskal Herrian barrena egingo diren ekimen nagusiak zuzeneko, elkarrizketa eta eduki berezien bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldarrikapena jomugan. 

Belaunaldi desberdinetako emakume feministen arteko solasaldiak antolatu dituzte Euskadi Irratiko albistegietan eta Radio Euskadiko "Distrito Euskadi" saioan, ikuspuntu ezberdinak jasotzeko. Adineko emakume kirolariei ahotsa emango diete "Faktoria"n, eta "Baipasa"ko kazetari tertuliako kideen erreferente emakumezkoak ere ezagutuko dituzte, besteak beste. 

"Boulevard" magazinak ere belaunaldi arteko topaketa feminista bat egingo du eta aitzindari izandako bi emakume ekarriko ditu gogora, historiak ezkutuan gorde duen haien lana azaleratze aldera: María Paz Jiménez margolaria eta Ramona Norberta de Albiz ardandegi-jabea. 

ETBko albistegietan euren esparruetan erreferente diren emakumeen historiak hurbilduko dizkigute. Bestalde, ETB1eko "Biba Zuek!" saioan, aurtengo Emakunde saria jaso duen Mariasun Landa idazlea elkarrizketatuko dute eta ETB2ko "Quédate con Ane" saioan, berriz, Mónica Morales pilotua. Bi saio horiek eta goizeko "En Jake" kalean izango dira emakumeen aldarrikapenei leku egiteko. 

Nafarroarako deskonexioan ematen den "Navarra Hoy" saioan belaunaldiarteko debatea egingo dute gonbidatu hauekin: Yolanda Rodríguez (UPNAko irakaslea),  Angeles Vicente (jubilatua) eta Ana Salcedo (ikaslea). 

Azkenik, M8rako EITBk sortutako ikus-entzunezko irudia ikusgai egongo da Bilboko egoitzako kanpoko pantailan eta ETBko emisioetan.