Itxi

EITB TALDEA

Koparen bila!

Athletic-Mallorca Kopako finaleko emozio guztia gerturatuko digu EITBk

EITB Media

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute partida, eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraitu ahal izango da. Finalari begira, baliabide eta bitartekari guztiak jarriko ditu EITBk: 20 profesionaltik gorako lantaldea, plato berezia, zuzeneko saio bereziak...

  • Sevillara joango den EITBko lantaldea

    Sevillara joango den EITBko lantaldea

EITBk zuzenean eskainiko du datorren apirilaren 6an Athleticek eta Mallorcak jokatuko duten Errege Kopako finala. ETB1en eta eitb.eus-en ikusteaz ez ezik, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da norgehiagoka zirraragarria.  

Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, Koparen bila lelopean. Halaber, EITB Mediako lantalde zabala joango da Sevillara, eta bertatik bertara emango dute Kopa finalaren azken orduaren berri telebistan, irratian eta webgunean.  Finalari begira, baliabide eta bitartekari guztiak jarriko ditu EITBk: 20 profesionaletik gorako lantaldea, plato berezia, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak… 

Ostegun honetan (martxoak 21) egin da jarraipen informatibo berezi horren aurkezpena Bilboko San Mames zelaian. Bertan parte hartu dute Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak, Amane Ibañez EITB Mediako Kirol zuzendariordeak, Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko Kirol buruak, Diego Arambalza Radio Euskadiko kirol buruak eta Patxi Alonso  aurkezleak.  EITBko kirol, albistegi eta saioetako lantaldeetako beste hainbat kide ere egon dira: Jon Balenziaga, Jose Ituarte, Naxari Altuna, Ana Ramos, Ane Muruamendiaraz, Nerea Zusberro, Eritz Hernandez, Alberto Negro, Haritz Gallastegi, Iñaki Berastegi, Angel Garitano eta Andoni Beldarrain. 

EITBko lantaldea San Mameseko armailetan

EITBko lantaldea San Mameseko armailetan

Aurkezpenean azaldu dutenez, atariko aste horretan EITBko programazioan Kopa finalaren inguruko eduki bereziak izango dira ikusgai. Halaber, ETB1en Iribar Atezaina dokumentala estreinatuko da apirilaren 1ean ordutegi nagusian.

Lantalde zabala eta zuzeneko saio bereziak Euskal Telebistan

Apirilaren 3tik Eritz Hernandez izango da Sevillan, eta ostegunetik aurrera Jon Balenziaga, Jose Ituarte, Janire Fragua, Ane Muruamendiaraz eta Ainhoa Lendinez batuko zaizkio, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan zuzeneko konexioak egiteko. Ostiraletik aurrera Naxari Altuna ere izango da Sevillan. Izan ere, apirilaren 4tik aurrera programazio berezia eskainiko du ETBk finalaren inguruan. ETB1eko eta ETB2ko kirol albistegiak Sevillatik egingo dira, set berezian, Jon Balenziagak eta Jose Ituartek aurkeztuta. Finalaren eguneko eguerdiko albistegia ere plato berezi horretatik egingo da.

Larunbat arratsaldean, ETB2n, "Especial Koparen Bila Sevilla" berezia eskainiko da, zuzenean Sevillatik, Patxi Alonsok aurkeztuta. Aurpegi ezagunak izango ditu alboan, zale zuri-gorrien azken ordua bertatik bertara jarraitzeko: Sevillan edo Euskadin, fan-zonean, Triana auzoan, Ledesma kalean eta futbol zelaiaren inguruetan. 18:00etatik 21:00etara izango dugu ikusgai.

Gaueko 21:00etatik aurrera, eta partida hasi arte, "Koparen Bila" berezia eskainiko du ETB1ek, eta ondoren iritsiko da final handia, zuzenean. Naxari Altunak egingo du partidaren kontakizuna Cartuja estadiotik, Nerea Zusberrorekin eta Gorka Iraizozekin.  Zuzeneko saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.

San Mamesen egindako prentsaurrekoaren irudia

Diego Arambalza, Txetxu Urbieta, Joseba Urkiola, Amane Ibañez eta Patxi Alonso, prentsaurrekoan

Jarraipen berezia irratietan

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere tarte zabala hartuko du Kopako finalak, eta aste osoan zehar hitzordu historiko honen inguruko edukiak landuko dituzte. 

Hala, Euskadi Irratiak lantalde zabala izango du Sevillan, azken orduaren eta giroaren berri geuregana ekartzeko. Haritz Gallastegi, Txetxu Urbieta, Iñaki Berastegi, Xabi Gallastegi eta Karmele Uribesalgo arituko dira lanean bertatik eta, ostegunean hasita, zuzeneko konexioak izango ditugu Euskadi Irratiko saio eta albistegietan. Larunbatean, apirilak 6, "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia eskainiko du Euskadi Irratiak, 18:00etatik aurrera, zuzenean, Sevillatik, 01:00ak arte. Nola ez, finalaren zuzeneko kontaketa ere entzun ahal izango dugu, Haritz Gallastegiren ahotsean. Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga, Gari Uranga eta Txema Añibarro izango ditu kontakizunean lagun.

Radio Euskadi ere, nola ez, buru-belarri arituko da finalarekin. Aste osoko edukiez gain, larunbatean jarraipen berezia egingo dute Sevillatik eta Bilbotik, lantalde zabaleraren eskutik. Athleticen partidei ahotsa jarri ohi dien Alberto Negrok emango digu zuri-gorrien azken ordukoaren, protagonisten eta giroaren berri; eta harekin batera arituko dira Raúl Pando, Jon Zubieta eta Diego Arambalza ere. Larunbatean, 13:00etatik aurrera, saio berezia eskainiko dute Sevillatik, azken ordukoarekin, elkarrizketak eta finalaren gakoen analisiarekin. 18:00etatik aurrera, "Kirol Festa" eskainiko da, partidaren atariko ikusgarria; eta ondoren iritsiko da kontakizuna, Cartujan gertatzen denari erreparatuz. Oraingoen ere Alberto Negro arituko da, Luis Fernando Dadie, Ander Alaña eta Iñaki Alzolaren laguntzarekin. Behin finala amaitzean, partidaren ostekoari ekingo diote, protagonisten ahotsak entzun eta finalaren analisia egiteko. Jagoba Arostegik koordinatuko du lantaldea, eta Joseba Urruela arituko da arlo teknikoan.

Kopari eskainitako atal berezia eitb.eus-en

Andoni Beldarrain eta Iker Garate eitb.eus-eko kazetariak Sevillan izango dira, finalaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko. Hala, giroari eta partidari buruzko nondik norako guztiak helaraziko dituzte sare sozialetan, eta #KoparenBila traolarekin zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean. EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak… Gainera, kopa finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute, eta kopako eduki guztiak bilduko dituen atal berezia prestatuko dute: eitb.eus/kopa