Itxi

EITB TALDEA

Eusko Legebiltzarra

Jarraipen informatibo osoa egingo dio EITBk apirilaren 21eko hauteskunde kanpainari

EITB MEDIA

Bi debate handi egingo ditu: apirilaren 10ean ETB1en eta Euskadi Irratian; eta apirilaren 16an ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian. Apirilaren 14an EITB Focus hauteskunde asmoei buruzko galdeketaren atal berria emango dute ezagutzera EITBren hedabideek.

  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EITBn

    Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EITBn

2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarriko da EITB Taldea ostiraletik aurrera. Hala, ETB1ek, ETB2k, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek hauteskundeen eta kanpainaren berri emango diote euskal gizarteari.

Ohi bezala, EITBk aurreikusita du hauteskunde informazio tarte espezifikoak eskaintzea egunero telebista-albistegietan (ETB1 eta ETB2) eta irrati-albistegietan (Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria). 

Albistegietako hauteskunde-atal hauek alderdien eta koalizioen hautagaiei egingo zaizkien elkarrizketekin osatuko dira. ETB1en "Egun On" programaren baitan egingo dira solasaldiok, 09:30etik aurrera, Odei Esnaolaren eskutik. ETB2n, berriz, Africa Baetak egingo ditu elkarrizketak eguerdiko "Teleberri" albistegiaren ondoren. Irratiei dagokienez, Euskadi Irratian goizeko "Faktoria" albistegian egingo ditu Iñaki Guridik, 08:30ean; eta ordu horretan ere izango dira Radio Vitorian, Aratz Goikoetxeak gidatutako "Araba gaur" saioan. Radio Euskadin, "Boulevard" saioan izango dira, 09:05ean, Xabier Garcia Ramsdenen eskutik. Apirilaren 9an hasi eta 19ra bitartean egin dira elkarrizketak.

EITBko hedabide eta euskarri digitaletan ere hauteskundeen jarraipena egingo da, bai eitb.eus-en eta baita Instagramen ere. Gainera, irrati eta telebistako edukiak Nahieran plataforman egongo dira.

Bi hauteskunde-debate handi EITBn 

Kanpainan zehar, bi hauteskunde eztabaida egingo ditu EITBk: apirilaren 10ean ETB1en, Euskadi Irratian, eta eitb.eus-en, Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek gidatuta; eta apirilaren 16an ETB2n, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en, África Baetaren eta Xabier Garcia Ramsdenen eskutik. Eztabaidak gaueko 22:00etatik aurrera izango dira ikusgai; aurretik eta ondoren, gainera, debatearen atari eta osteko saio bereziak eskainiko dituzte, analisiarekin: ETB1en Odei Esnaolak gidatuko du, Saioa Martijarekin batera; eta ETB2n Juan Carlos Etxeberria arituko da, hemen ere Saioa Martija lagun duela.

Hauexek dira debateetan izango diren alderdi eta koalizioak.

Apirilak 10:
-EAJ-PNV
-EH Bildu
-PSE-EE
-PP
-Elkarrekin Podemos-Alianza Verde
-Sumar

Apirilak 16:
-EAJ-PNV
-EH Bildu
-PSE-EE
-PP
-Elkarrekin Podemos-Alianza Verde
-Sumar
-VOX

EITB Focus, apirilaren 14an

Halaber, apirilaren 14an EITB Focus hauteskunde aurreko inkesta handiaren atal berriaren datuak emango dituzte jakitera EITBko hedabideek, tartean boto-asmoarekin eta hautagaien balorazioarekin.

Hauteskunde-gau bereziak

Azkenik, apirilaren 21ean, hauteskunde gauko informazioa eta emaitzak izango dira nagusi, saio bereziekin. Radio Euskadiko albistegi berezia Dani Alvarezek gidatuko du 19:00ean hasita; Euskadi Irratian, berriz, Maite Artola arituko da 19:45etik aurrera. ETB1eko programa berezia 19:45ean hasiko da Nerea Reparaz eta Xabier Usabiagaren eskutik; eta ETB2n, berriz, 19:30ean Africa Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak gidatuta.

EITBk galdeketa propioaren emaitzak emango ditu 20:00etatik aurrera.