Itxi

EITB TALDEA

A21EKO HAUTESKUNDEAK

EITB, erreferente berriz ere aurrekaririk gabeko gau batean: 'Hemen erabakitzen dugu, hemen kontatzen dizugu'

EITB MEDIA

230 profesionalek osatuko duten lantalde zabal baten eskutik iritsiko dira hauteskunde erabakigarrienen datu, informazio eta analisi guztiak, irrati, telebista eta Internet bidez. 18 seinale, errealitate areagotua eta birtuala, punta-puntako teknologia eta datuak denbora errealean.

0:46

EITBko hedabideak, beste behin, erreferente izango dira Eusko Legebiltzarrerako igandeko hauteskundeetan, baliabide tekniko eta lantalde zabalaren eskutik. Hauteskunderik lehiatuenak diren hauetan, ikus-entzunezko talde publikoak hedapenik handiena jarri du martxan irratian, telebistan eta Interneten, 230 profesionalek osatzen duten lantalde zabal baten eskutik 18 seinale puntutara iristeko, horien artean 9 zuzenekoak.

Hori dena eta gehiago hainbat saio berezi egiteko, ETB1, ETB2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitorian. Boto-zenbaketari buruzko informazio guztia, alderdi politikoen eta koalizioen egoitzekin konexioak eta, nola ez, adituen analisiak ekarriko dituzte, gobernu eraketaren azterketa ere egiteko. Horrez gain, eitb.eus-ek denbora errealean eskainiko ditu datuak, botoak zenbatu ahala, eta emaitzak udalerriz udalerri eta lurraldez lurralde kontsultatzeko aukera emango du.

ETB2n, Africa Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztuko dute saioa, 19:20tik aurrera; eta ETB1en, 19:40an hasiko da, Nerea Reparazek eta Xabier Usabiagak gidatuta. Errealitate areagotua eta birtuala izango dute bi plato handitan. Saio bereziak zuzenean eskainiko dira eitb.eus-en, EITB Nahieran-en eta EITBren YouTube kanalean.

Dani Alvarez izango da 19:00etan hasiko den Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako saioaren burua; eta Maite Artolak zuzenduko du Euskadi Irratiak 19:30etik aurrera egingo duen albistegi berezia.

Egunean zehar, EITBk galdeketa propioa egingo du, eta 20:00etan argitaratuko ditu emaitzak bere hedabide guztietan.

Hala, aurrekaririk gabeko hauteskunde gau baten jarraipenik zabalena egingo du EITBk irrati, telebista eta Internet bidez: Hemen erabakitzen dugu, hemen kontatzen dizugu.