Itxi

EITB TALDEA

Apirilaren 26tik aurrera

MAKUSI, haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen ekosistema digitala, EITBren eskutik

EITB Media

MAKUSI unibertsoak bi zutabe ditu: plataforma digitala eta kluba, eta www.makusi.eus webgunean izango dugu dena eskura, doan. Ostiralean bertan, aurkezpen festa handia egingo da Donostiako Kursaalen, 19:00etan.

0:00

Apirilaren 26an iritsiko da MAKUSI, haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digital berria. EITBk sortutako komunitate berri honetan entretenimendua izango dute nagusi, euskaraz; eta modu seguruan biziko dituzte on-line esperientziak etxeko txikienek. MAKUSIK gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskainiko die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko. Hala, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzen du EITBk, baita haur eta gaztetxoen artean ere. 

MAKUSI unibertsoak bi zutabe nagusi ditu: plataforma digitala eta kluba. Biak eskura izango ditugu, apirilaren 26tik aurrera, doan, www.makusi.eus webgunean.

MAKUSI

MAKUSI

MAKUSI,  haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitala 

MAKUSI doako plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza izango du: marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak… eta, nola ez, ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskainiko ditu, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakutsiko du. Hartara, zerbitzu publiko gisa gizartea eraldatzeko apustu irmoari erantzuten dio beste behin EITBk.  Plataforma berriaren jaiotzarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu MAKUSIk: "Potx eta Lotx", txikienentzako pailazoen programa; "Kalaxka", Aritz Mendiolak eta @anepe.acedo-k aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta "Power Up", euskaraz sortutako fikzioa, bideo-jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena. Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte izango ditugu bertan protagonista. Ostiralero eduki propio hauen atal berri baten estreinaldia izango da MAKUSI plataforman. 

MAKUSIk eskainiko dituen hiru saio propioak

MAKUSIk eskainiko dituen hiru saio propioak

Edukiak ikusteko nahikoa izango da erregistratzea, eta ohi bezala, plataforma berri hau gailu nagusienetan egongo da eskuragarri apirilaren 26tik aurrera: webgunean, mugikor eta tablet-etan (aplikazioa Google Playn eta App Storen bitartez jaitsita); EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster Smart TV telebistetan ere ikusgai egongo da (Samsung eta LG marketan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast egiten.

MAKUSI Kluba 

Umeen MAKUSI Klubak, berriz, abantaila ugari eskainiko ditu: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, zorion-agurren bideoan azaltzeko aukera, erabiltzaile-txartel digitala, eduki berrien eta estreinaldien newsletter bereziak… Bertako kide egitea doakoa izango da.   

Kaleko ekitaldien agenda propioa ere izango du MAKUSIk, eta merchandising esklusiboa zein sare sozial propioak (Instagram eta Tik Tok).

Aurkezpen festa handia, apirilaren 26an, Donostian 

MAKUSI euskarazko entretenimendu unibertso erraldoi hau apirilaren 26an jaioko da, eta egun horretan bertan aurkezpen festa handia egingo du EITBk Donostiako Kursaalen, 19:00etan. Etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako ikuskizun berezia eskainiko da, eta MAKUSI bideokliparen estreinaldia ere egingo da. Bertan egoteko gonbidapena beharrezkoa izango da. 

Horrez gain, iluntzean drone-light show ikuskizun berezia eskainiko da, kalean, unibertso digital berri honen jaiotza ospatzeko. 120 dronerekin sortutako argi ikuskizuna izango da, Saguesen, 21:30etik aurrera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea