EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Irailaren 25eko hauteskundeak
Agirre: 'Otegi ezgaitzea herritarrak ezgaitzea da'
EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuaren apustua da "herrialde-mailako akordio handia, hezkuntzan, osasunean eta lan-eskubideetan aurrera egiteko".
Agentziak | Erredakzioa
Jasone Agirre EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, Arnaldo Otegi koalizioaren zerrendaburua ezgaitzeak ekarriko luke "EAEko herritarrak ezgaitzea". Gainera, proposatu du "herrialde-mailako akordio handia", xede izanik "hezkuntzan, osasunean eta lan-eskubideetan aurrera egitea"; bere iritziz, Iñigo Urkullu lehendakariarekin ez da aurreratu, "balazta indarrean izan duelako".
Bilboko Areatzan kazetariei egindako adierazpenetan, Agirrek baieztatu du ikusteke dagoela ea inpugnatzen duten Otegiren hautagaitza, eta adierazi du "herritar guztiak" geratuko liratekeela ezgaituta azkenean inpugnazioa gauzatuko balitz: "Otegik eskubidea du aurkezteko, eta guztiok dugu hari botoa emateko eskubidea".
Koalizioaren ordezkariak esan duenez, hurrengo hauteskundeak "desberdinak" izango dira, eta "nahiko interesgarri" ari dira jartzen: "Alderdi batzuk, dagoeneko, hasi dira hauteskundeen osteko balizko akordioak iradokitzen; guri hori oso osasungarria iruditzen zaigu; izan ere, herritarrek eskubidea dute jakiteko zer gertatuko den euren botoekin irailaren 25a igarota", gehitu du.
EH Bilduko hautagaiak uste du ondorengo lau urteetan "jauzi handia eman behar da, beste estatu batera heltzeko". "Azken lau urteotan, apur bat etenda izan da dena, Urkullurekin balazta jarrita izan dugu eta ez dugu aurrera egin gizarte bezala", zehaztu du.
Agirreren iritziz, ez da onargarria jarraitzea izaten "800 euroetako belaunaldia"; izan ere, euskal langileek, "argiketariek, ingeniariek, ile-apaintzaileek, medikuek edo kazetariek, Europako beste edozein langilek dituen aukerak izan beharko lituzke, bizitza pertsonala eta profesionala garatzeko".
"Herrialde-mailako akordio handia"
Hori dela eta, apustua egin du erdiesteko akordio handi bat "hezkuntzan, osasunean eta lan-eskubideetan" aurrera egiteko: "Badakigu erabaki horiek hemen hartu behar direla, Madrilen ez dago zer eginik, eta, beraz, gure apustua da herrialde-mailako akordioak lortzea, interes alderdikoien gaineko akordioen alde, herritarren interesek izan dezaten lehentasuna".