Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
'Azalpenik eman gabe euskal herritarra naizela aldarrikatu nahi dut'
EAJren helburua "Euskadi munduko erreferentzia izatea" dela azpimarratu du Josu Erkoreka Kongresurako zerrendaburu jeltzaleak.
Erredakzioa
Josu Erkoreka (Bizkaia) EAJren Kongresurako zerrendaburuaren hitzetan, ETAk ekintza armatua utzi eta gero, Euskadin elkarbizitza eraikitzea eta "azalpen gehiagorik eman gabe, harro euskal herritarra izateko" baldintzak sortzea beharrezkoa da, terrorismoaren arazoa bazterrean utzita.
"I am basque" (Euskal herritarra naiz) lelopean hauteskunde-ekitaldia egin du EAJk arratsaldean, Bilbon. Erkorekak parte hartu du ekitaldian. Azaroaren 20ko hauteskundeei begira, gazteriari bideratutako proposamenak azaldu ditu EAJko hautagaiak.
EAJren helburua "Euskadi munduko erreferentzia izatea" dela azpimarratu du hautagai jeltzaleak, 2015ean Euskadik "nazio gisa onarpena" izateko asmoarekin.
Orain arte euskal herritar bat Espainiako edo atzerriko beste zona batzuetara zihoanean, indarkeriaren inguruko "azalpen ugari eman behar" zituen, abertzalea izanik "eraso terroristekin zerikusirik ez" zuela argi uzteko, Erkorekak azaldu duenez.
"Itxaropenaren" aroa
ETA behin betiko desagertzeko aukeraren aurrean, "itxaropen" aro bat zabaldu da eta Euskadin "elkarbizitza eta adiskidetasuna" eraikitzea beharrezkoa da, erantsi du. "Azalpen gehiagorik eman gabe, harro euskal herritarra izateko" baldintzak sortzea beharrezkoa da, terrorismoaren arazoa bazterrean utzita, hautagai jeltzalearen ahotan.
"I am basque, eta kito, mundu osoan", gaineratu du EAJko hautagaiak. Euskal nortasunari "eutsi" behar zaiola aldarrikatu du Erkorekak, "kendu nahi digutenei" aurre eginez. "Euskadi munduan erreferentzia izatea" lortu behar dugu, hautagai jeltzalearen hitzetan, baina horretarako "ezaugarri juridiko eta politikoak" garatu behar dira Euskadiri "presentzia propioa emateko".