AEB-ko HAUTESKUNDEAK -
AEB
Donald Trump mitin batetik atera dute, alarma faltsu baten ondorioz
Hautagai errepublikarra Renon (Nevada) mitin bat ematen ari zenean, AEBko Zerbitzu Sekretuko agenteek agertokitik atera dute, ikusleen artean gizon susmagarri bat antzeman ostean.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko Zerbitzu Sekretuetako agenteek Donald Trump Etxe Zurirako hautagai errepublikarraren mitin bat eten dute Renon (Nevada), ikusteen artean gizon susmagarri bat antzeman dutelako. Azkenean, dena den, ustezko mehatxua alarma faltsua izan da.
New Yorkeko enpresariak hitzaldia bertan behera utzi du ikusleen artean zerbait gertatzen ari zela ohartu denean. Orduan, Zerbitzu Sekretuetako bi agente agertokira igo eta atzealdera eraman dute Trump segituan.
Era berean, jendetza atera da korrika agertokiaren kontrako aldera; beste batzuk, berriz, gizon baten inguruan bildu dira, eta agenteek atxilo hartu dute.
ABC telebista-kateak aipatutako Segurtasun Nazionaleko iturrien arabera, susmagarriak ez du armarik, eta jendea beldurtu egin da kartel bat altxatzen ahalegindu denean.
Badirudi zenbait pertsonak "arma" buila egin dutela, eta horregatik geldiarazi duela mitina Zerbitzu Sekretuak.
Hamar bat minutu pasa eta gero, Trump agertokira bueltatu da eta zera adierazi du: "Bagenekien ez zela erraza izango. Baina inork ez gaitu geldituko".