Herriak eta Hiriak
Txirrindularitza
Honela eragingo dio Donostiako Klasikoak trafikoari
Agentziak | Erredakzioa
Batik bat hiriaren erdialdean nabarituko da horren eragina, eta aparkaleku batzuetako sarrera-irteerak itxita egongo dira Boulevard, Kontxa, Alderdi Eder, Zuloaga, Okendo eta San Martin aldean.
-
Donostiako Klasikoa. EFE
Donostiako Klasikoak eragina izango du trafikoan, eta errepideak itxiko dituzte, batik bat hirigunean, datorren larunbatean. Halaber, aparkalekuetako sarrera- irteerak ere itxiko dituzte Boulevardean, Kontxan, Alderdi Ederren, Zuloagan, Okendo eta San Martinen.
Donostiako Udaletik jakitera eman dutenez, datorren abuztuaren 3an, ostiralean, emango zaie hasiera trafiko mozketei. 15:00etatik aurrera ibilgailu partikularrek ezingo dute Legazpi kaletik Boulevardera sartu (bertakoak, garraio publikoa eta larrialdi zerbitzuak ezik).
Bestetik, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara, helmugako arkua jartzeko lanak direla eta, itxita egongo da trafiko mota guztientzako. Ordu horreetan Bulebarrean gelditzen diren linea guztiak Okendo kalean geldituko dira.
Abuztuaren 4an, Boulevarda 8:00etatik 20:00etara egongo da moztuta. Trafikoarentzat goizetik itxita egongo den gunea Boulevardean hasi eta Askatasunaren Hiribideraino zabalduko da.
Lasterketaren irteera dela eta, 11:00etatik 12:00etara Boulevarda, Hernani kalea, Askatasun Hiribidea, Zubieta Antiguarantz abiatzerakoan, guztiz itxita izango dira.
Halaber, hiriko sarrerak hainbat aldiz moztuko dituzte: Ategorrieta, Nafarroa eta Zurriola Hiribideak, Zurriola zubia, Reina Regente, Zubieta, Zumalakarregi (Añorgarantz), Tolosa hiribidea (Añorgarantz), Igara eta Igeldo igoera eta jaitsiera. 15:30etik aurrera, trafikoa moztea aurreikusten da.
Igeldo Pasealekurako sarbidea 16:00etan moztuko da, bai igotzeko eta baita jaisteko ere. Mozketak lasterketa pasatu arte iraungo du. Mozketak eragin zuzena izango du garraio publikoan eta baita gainerako trafiko osoan ere.