Itxi

Herriak eta Hiriak

Gasteizen

Lapurretan egiteko etxebizitzak markatzen zituzten hiru lagun atxilotu dituzte

eitb.eus

Atxilotuek Manuel Iradier kaleko aterai batean lapurtu zuten astelehen goizean; aurretik, higiezineko atezain automatikoko botoi batzuk eta hainbat etxebizitzatako ateak markatu zituzten.

  • Bortxatutako hainbat sarraila, lurrean

    Lapurretak. Argazkia: Ertzaintza

Gasteizko Udaltzaingoak hiru pertsona (42 eta 34 urteko bi gizon eta 27 urteko emakume bat) atxilotu zituen atzo, etxebizitzetan ahalegin-mailan lapurreta delitua egitea egotzita, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxebizitzetako lapurretei aurre egiteko elkarrekin abiatu duten operatibo baten esparruan.

Zaintza horietaz arduratzen diren agenteek Manuel Iradier kaleko atari batean ikusi zituzten pertsona horiek atzo goizean. Gizonak sarraila plastikozko orri batzuekin manipulatu eta barrura sartzen ziren bitartean, emakumeak bide publikora begiratzen zuen, zaindari-jarrerarekin.

Higiezinetik irten ondoren, aurretik aztertuta zirudien ibilbidea egin zuten hiru pertsonek, eta beste atari batean amaitu zuten, gauza bera egiteko asmoz, baina ez zuten lortu. Bidetik, etxebizitzetako ateak "irristadaren" metodoaren bidez irekitzeko erabiltzen zituzten orriak bota zituzten.

Orduan, uniformedun patruilak bertaratzea eskatu zuten jarraika zituzten agenteek, horiek atxilotzeko. Ustezko lapurrek eskularruak eta ateei irekita eusteko ziri bat zeramatzaten. Gainera, sartu ziren higiezineko atezain automatikoko botoi batzuk eta hainbat etxebizitzatako ateak markatu zituztela egiaztatu zuen Udaltzaingoak.

Gaur goizean, epailearen esku utzi dituzte atxilotuak, izapideak egin ondoren. Horietan, dokumentuak faltsutzeagatik eta egoera zibila usurpatzeagatik ere ar¡ dira horiek ikertzen, beste pertsona batzuen plantak egin baitzituzten.