Gizartea -

Hutsik dauden etxeak

Gabonetan arreta handiz ibili, etxean lapurretak saihesteko

Edozein susmoren aurrean, SOS Deiak 112 telefonora deitzeko gomendatu du Ertzaintzak. Irailera arte, 2.018 lapurreta izan dira EAEn.

Lapurretak etxeetan. Argazkia: Ertzaintza
Hutsik dauden etxeak markatzeko plastikozko tira bat ate baten markoan
Lapurretak etxeetan. Argazkia: Ertzaintza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailera arte, 2.018 lapurreta izan dira EAEn, eta 345 lagun atxilotu edo ikertu ditu Ertzaintzak etxeetan lapurretak egin izana egotzita. Batez ere, talde antolatuek egiten dituzte lapurreta horiek, eta, neurri txikiagoan, noizean behingo delitugile arruntek edo biktimekin harremana dutenek.

Abenduko zubia eta Gabonak garai aproposa da etxeetan lapurreta gehiago izateko. Hori dela eta, arreta handiz ibiltzeko eta segurtasun neurriak areagotzeko eskatu die Ertzaintzak herritarrei, lapurretak saihesteko; gainera, edozein susmoren aurrean, SOS Deiak 112 telefonora deitzeko gomendatu du.

Lapurretan adituak diren taldeen artean, lan egiteko modu ezberdinak daude. Gasteizen, esaterako, azken hilabeteotan goizez eta astegunetan zehar lapurretan ibiltzen den talde bat antzeman du Ertzaintzak. Taldea 3-5 lagunek osatzen dute; arropa handia eta poltsak eramaten dituzte, eta solairu bakoitzeko etxebizitza guztietan tinbrea jotzen dute, bizilagunik baden jakiteko. Etxeetako ateen sarrailak indarrez ireki ostean, balio handiko tresnak osten dituzte. Lapurtutakoen artean, dirua, bitxiak eta tresna elektriko txikiak egon ohi dira.

Beste talde batzuek, berriz, plastikozko markagailuak edo lekeda hariak jartzen dituzte ateetako markoetan etxeak hutsik dauden jakiteko. Hutsik daudela egiaztatutakoan, barrura sartzen dira, sarrailak indarrez ireki ondoren, eta lapurreta egiten dute. Etxeko atea giltzapetuta ez badago, ordea, sarraila bortxatu barik sar daitezke.

Lapurretak saihesteko gomendioak

Etxe inguruan edozein pertsona ezezagun ikusiz gero, 112 telefonora deitu. Aurre egitea saihestu, eta, ahal izanez gero, pertsona horren edo horien argazkiak atera, gerora horiek identifikatu ahal izateko.

Atean plastikozko markagailuak edo antzekoak aurkituz gero, ez ukitu eta Ertzaintzari jakinarazi.

Atea giltzarekin itxi beti, barruan gaudenean ere bai.

Ateko markoa aldizka aztertu, baita gure bizilagunena ere, markagailu txikiak, plastikozkoak edo lekeda hariak dauden ikusteko.

Etxea hutsik ez dagoen itxura ematen saiatu.

Leihoak eta pertsianak ondo itxi, etxeko fatxadan aldamioak badaude.

Lapurreta jasan gero, ez ukitu eta ez garbitu etxea, eta Ertzaintzari deitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak albisteak