Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Atzean geratu den Miura zezen batek arriskutsu bihurtu du azken entzierroa

eitb.eus

Miura ganadutegiko zezenak izan dira sanferminetako zortzigarren eta azken entzierroan. Hiru zauritu izan dira adarkadaz.

1:10
Sanferminetako azken entzierroa

Sevillako Miura ganadutegiko zezenek itxi dituzte 2019ko Sanferminetako entzierroak. Estafeta kalean atzerago geratu den zezen bat izan da sartzen azkena. Horrek arriskutsu bihurtu du lasterketa. Hiru zauritu izan dira adarkadaz.

Ibilbidean zehar korrikalari ugari erori egin dira. Bost zezenak batera joan dira, buruan Rabanero izeneko seigarren bat zihoala, bakar-bakarrik Estafeta kaletik. Han, hain justu, korrikalari bat airean erabili du, eta Telefonicako tartean beste hainbat korrikalariren aurka egin du.

Lehenengo bost zezenak aparteko jazoerarik gabe iritsi dira zezentokira. Bien bitartean, Rabanero zezen-plazan geratu da, eta bikoiztaileek esku hartu behar izan dute.

Entzierro jendetsua izan da, jaietako azken eguna igandea izanda. San Ferminetako kantak abestu ostean, zezen-taldea 08:00etan atera da. Behin Santo Domingoko aldapa gaindituta, Udaletxe Plazatik igaro dira, eta Mercaderes kalera abiatu. Orduan, zezen beltz batek irrist egin du, eta anaiengandik bananduta geratu da.

Estafetako bihurgunea gainditu dute zezenek, eta hormaren kontra talka egin. Horren ondorioz, hainbat korrikalari erori dira, baina zezenek ez dute abiadura moteldu. Tarte horretan entzierroaren unerik arriskutsuenak bizi dira, izan ere, korrikalari bat zauritu da, adarkadatuta. Telefonica tarteko irudiak ere oso ikusgarriak izan dira, han beste bi korrikalari harrapatu baituzte zezenek.

Medikuen txostena

Entzierroaren ostean, lau korrikalari eraman behar izan dituzte Nafarroako Ospitalera, horietatik hiru adarkatuta. Tomas Belzunegui Nafarroako Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako zuzendariordeak zabaldutako mediku-txostenaren arabera, zezenak adarkatutako korrikalarietako batek zauria dauka besapean, beste batek eskumako besoan, eta hirugarren batek, ordea, hankan.