Itxi

Irratia

X-grupo_dest_especiales-X

X-grupo_dest_especiales-X

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Garridok salatu du Hezkuntza Legearen aurreakordioan adostutako oinarriak ez direla betetzen ari

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Podemos Euskadiko koordinatzailearen hitzetan, adostutako Hezkuntza Legearen norabidea aldatzen ari dira hainbat alderdi. Segregazioarekin amaitzea eta eskola publiko baten aldeko apustua dira alderdi morearentzat "mugitu ezin diren oinarriak", eta horiek "kolokan" ikusten ditu Garrikok.

  • Pilar Garrido. Foto: EITB Media

    Pilar Garrido, gaur, Radio Euskadin.

    19:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek joan den martxoan adostutako Hezkuntza Lege berriak "beste norabide bat" hartu du, eta oinarriak kolokan daude. Hala esan du Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaileak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, bi dira bere alderdiarentzat aldaezinak diren puntuak: "segregazioaren kontrako borroka" eta "euskal eskola publikoaren aldeko apustua". Azken asteotan baina, gaineratu duenez, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta haren lantaldeak "beste norabide bat" hartu dute, eta aipatutako bi puntu horien inguruan adostutakoa aldatu egin dute.

Podemos Euskadik ziurtatu du, oraingoz, Hezkuntza Lege berriaren akordioari eusten diola, baina honako galdera hau egin du: "Gainerako alderdiek eusten al diote itunari? Zer aldatu da? Ematen ari diren urratsek ez dute akordioa errespetatzen". Agertokia aldatu bada ere, negoziatzen jarraitzeko prest agertu da, eta alderdi moreak hasierako oinarrien alde lanean jarraituko duela azaldu du.

Bestalde, Garridok trantsizio energetikoaren inguruan akordio zabal bat lortzea ere premiazkoa ikusten du. Zentzu horretan, uste du "erakundeek ez dituztela etxerako lanak ondo egin". Energia kudeatzeko enpresa publiko bat ezinbesteko tresnatzat jo du trantsiziorako bidean. "Oinarrizko eskubide batekin espekulatuko ez duen enpresa publiko bat. Hemen badugu Energiaren Euskal Erakundea, baina horren planteamendua ez da guk proposatzen duguna. Gasa lurpetik ateratzen eta planetarentzat kaltegarriak diren energia motak sustatzen ari dira. Hori ez da guk nahi duguna", esan du.

Urte politiko berria abiatu berri den honetan, akordio zabalak lortzeko prest agertu da Podemos Euskadiko koordinatzailea, eta 2023ko EAEko aurrekontuak negoziatzeko borondatea agertu du, betiere, "euskal herritarren oinarrizko eskubideak aintzat hartzen badituzte".