Amarauna
Energia
Eguzki energia erabiliz hidrogeno berdea sortzea erronka, fotosintesia imitatuz
Unai Urreaga | EITb Media
Teknologia iraultzailea garatzeko lanean ari da EHUko Supren ikerketa taldea eta Europako Batzordearen 3,2 milioi euroko laguntza lortu du. Iker Agirrezabalek eman dizkigu argibideak.
-
Iker Agirrezabal
21:06 min
Ur edo karbono dioxido molekulak hartu eta eguzki energia baliatuz, hidrogeno berdea eta karbono monoxidoa lortzea da erronka. Horretarako material bat sortu nahi dute. Eta materialaren sintesia egiteko, laborategiko robot bat egitea dute jopuntuan, adimen artifizialaren laguntzarekin. Sukaldeko robotaren tankerakoa izango litzatekeela azaldu digu Iker Agirrezabalek. Ikerlariek aginduak eman errezetak bailiran, eta ahalik eta material onena sortzeko balioko luke.
Material berri horrek erreakzio kimikoak egin eta elementuak bereizteko gai izan beharko luke.
Hidrogenoaren kasuan, modu deszentralizatuan eta egungoa baino eskala txikiagoan sortu ahal izatea dute helburu, ingurumenean inpaktua txikiagoa izan dadin.
Hau dena helburu hartuta ari dira egiten Europa mailako ikerketa zortzi bazkide, tartean Glasgow, Pavia edota Eindhovengo unibertsitateak eta denen buru EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Supren taldea. Bertako ikerlaria da Iker Agirrezabal.
Ikerren azalpenak entzun aurretik, Aitor Urresti EHUko irakasleak argitu digu zein diren hidrogenoaren erabilpenak eta gaur egun nola lortzen den. Altzairugintza edota beiragintza bezalako sektoreak deskarbonizatzeko hidrogenoa erabilgarri izan liteke eta baita hegazkingintzan eta itsas garraioan ere. Gaur egun elektrolisia eginez lortzen da hidrogenoa, eta prozesuan energia asko galtzen da. Ikerketa honekin berriz, ahalik eta tenperatura baxuenean lortu nahi dute, ahalik eta energia gutxien behar izateko.