Baipasa
On Ekin
Granadaz gozatzeko errezeta erraz eta gozoak
Sasoiko fruitu interesgarrienetako bat da granada, eta On Ekin zentroko Andrea Larreak bere propietateak azaldu eta jateko modu batzuk azaldu dizkigu.
-
Granada
6:16 min
Sasoi-sasoian dagoen fruitua da granada. Irailean hasi eta azaro arte da gutxi gora behera grandaren sasoia nahiz eta urtarrilera arte luzatzen den gaur egun. On Ekin zentroko Andrea Larrea nutrizionistak 'Baipasa'n kontatu digunez, gainera, jatorri pertsiarra du, baina egun hemen jaten ditugunak bereziki Valentzian ekoitzitakoak izaten dira.
Granada bera itxuraz fruta berezia da eta, askotan azala kentzea izaten da zailena, irekitzen den moduaren arabera "telatxo" zuri batzuk geratzen direlako, nahiko mingotsak direnak eta jateko orduan traba besterik egiten ez dutenak. Hori ekiditeko, hementxe trikimailua: goiko aldean gutxi gora behera, zentrimetro erdiko distantzia batera labanarekin zirkunferentzia bat egin eta goiko txapela kenduko diogu. Txapela kenduta, ikusiko dugu, laranjen kasuan moduan, atal ezberdinak daudela. Kasu honetan 6 atal bereiztuko ditugu "mintz" zuri batekin banatuta. Kanpotik labanarekin tela horien ibilbidea jarraituko dugu eta listo, granada 6 ataletan moztuta izango dugu eta aletxo guztiak ateratzeko prest. dena batera jan nahi ez badugu, taper batean jaso dezakegu aletuta hozkailuan.
Granada jateko proposamen erraz eta goxoak:
o Jogurta, granada eta sesamo haziekin: Askorentzat afalosteko momentua izaten da beraien momentua eta "zerbait berezia" nahi izaten dute postre moduan. Horientzat bowl formatuan zerbait begietatik ere sartzen zaien prestatzea erabilgarria izan daiteke. Horretarako bowl batean jogurta, granada aleak eta sesamo haziak gehitu eta listo. Nahi izanez gero, % 85eko txokolate ontza bat hartu eta birrindu, gainetik jarri eta listo.
o Entsalada: Eskarola, baratxuri eta granada entsalada. Sinplea bezain goxoa. Eskarola egia da zaporez nahiko berezia dela, baina guri pila bat gustatzen zaigu honela prestatuta. Eskarola garbitu, baratxuria ale txikietan moztu, granada aleak gehitu, olio, ozpina eta gatza gehitu eta listo.
o "Ez-mermelada": Askotan esan dugun moduan, fruta ale osoan jatea da beti ere egokiena baina taperrean ditugun soberekin egin daitekeen errezeta bat da. Granada aleak hartu eta birrindu, chia haziak gehitu eta listo. Jogurtari, ogiari,... gehitu diezazkiokegu.